NAIZ.INFO
DONOSTIA

Arkaitz Rodriguez presoaren arrebak bisita batetik bueltan jazarri egin zutela salatu du

Enara Rodriguez, Arkaitz Rodriguez presoaren arrebak, salaketa jarri du epaitegian, irailaren 28an Logroñoko espetxetik bueltan poliziaren plaka bat erakutsi zioten bi gizonek geldiarazi, kotxetik atera eta irain eta mehatxuak egin zizkiotelako.

Enara Rodriguez, mahaian eserita eskuinetik bigarrena, Etxeratek eskaini duen agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS
Enara Rodriguez, mahaian eserita eskuinetik bigarrena, Etxeratek eskaini duen agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS

Etxerate elkarteko Maite Ormazabal eta Julio Guemesek Enara Rodriguezek epaitegian jarri duen salaketaren berri eman dute, Donostian.

Salaketak dioenez, irailaren 28an, Logroñoko espetxean bere anaia Arkaitz bisitatetik etxera bueltan zihoala, A-12 autobidean bere ondoan zihoan auto batek autobidetik ateratzera behartu zuen Enara Rodriguez.

Geldirik zeudela, autoan zeuden bi gizonezkoetako batek iraindu egin zuen eta autotik jaisteko esan zion. Plaka bat erakutsi zion eta gazteari Polizia espainolarena zela iruditu zitzaion. Berriro autotik ateratzeko esan zion eta, minutu batzuen ondoren, neskak leihatila ireki eta, hori baliatuz, gizonetako batek atea ireki eta iletik tiraka atera zuen.

Etxerateko kideek kontatu dutenez, irain sexista eta bortxaketa mehatxu artean lurrera bota zuten. Une batean lurretik altxatzea lortu zuen eta gizonetako batek airean hartu eta ukituak egiten hasi zitzaizkion.

Ustezko poliziek azkenean joaten utzi zioten baina berriro aurkitzen bazuten «ez zuela kontatu ahal izango» mehatxu eginez.

Ormazabal eta Guemesek salatu dutenez, Enara Rodriguezi gertatutakoak «argi erakusten du, euskal preso politikoen senide eta lagunok jasan behar izaten dugun jazarpena».

Horrelako egoerak ahalbidetzen dituen sakabanaketarekin «berehala amaitzea» beharrezko jo dute, «gure eta gure senideen eskubideengatik, baita gure segurtasunagatik ere».

Arkaitz Rodriguezen arrebari gertatutakoaren harira, erantzukizunak aurkitzea «ezinbesteko» jo dute.