NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Gure garaia da, euskaraz bizi nahi dugunon garaia da»

‘Euskaraz bizi nahi dut’ lelopean abiatutako kanpainaren aditza pluralera aldatu du Kontseiluak gaur Donostian milaka herritar batu dituen manifestazioan. Euskaraz BIZI, «hitz larriz», esan du Paul Bilbaok amaieran eta erabaki ausartak eskatu dizkie instituzioei.

‘Euskaraz bizi nahi dugu’ lelopean egin den manifestazioaren burua. Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
‘Euskaraz bizi nahi dugu’ lelopean egin den manifestazioaren burua. Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Kontseiluak deituta milaka herritarrek aho batez oihukatu dute Donostian «euskaraz bizi nahi dugu». Deialdia egiteko lelo beraren singularra, ‘euskaraz bizi nahi dut’, baliatu dute eta gaur hiriburu gipuzkoarrean elkartu direnek denen aldarrikapen bilakatu dute.

Anoeta estadio ingurutik abiatu da manifestazioa 17.30ak ondo pasata eta hiriburu gipuzkoarreko kaleak zeharkatuz eremu sozial ezberdinetako aldarrikapenak elkartu dira. Hartara, «euskaraz lan egin nahi dut», «euskaraz ikasi nahi dut», «euskaraz gozatu nahi dut», «euskaraz jolastu nahi dut» edo «euskaraz hitz egin nahi dut» leloak zeramatzaten herritarrak jarri dira manifestazioaren hasieran, baita mezu bera euskalki ezberdinetan zeramatzatenak ere. Horien atzetik pankarta nagusia eta hor manifestazioa babestu duten gizarte eragileetako ordezkariak.

Bulebarrean amaitu den manifestazioan Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza. «Gure garaia da, euskaraz bizi nahi dugunon garaia» esan du Bilbaok. BIZI, «hizki larriz», esan du Bilbaok eta horretarako erabaki ausartak eskatu dizkie, bereziki, instituzioei.

Donostian elkartu diren herritarrei lanerako deia egin die Kontseiluko idazkari nagusiak, «formula magikorik ez dago, pasioa, determinazioa eta lana baizik», esan du eta bakoitzak bere burua eragile bihurtu behar duela. Bilbaok azken esaldian laburtu du gaurkoaren xedea: «euskaraz lan, irakurri, kontsumitu, pentsatu, jolastu, maitatu, gozatu, hartu, eman, entzun... bizi nahi dugulako, ekin lanari!»