NAIZ.INFO
DURANGO

«Mobilipdubzioa» egingo du Herrirak larunbat honetan Durangoko kaleetan

Presoen etxeratzea eskatuz lipduba egingo du Herrira mugimenduak Durangon larunbat honetan. Gisa honetako mobilizaziorik handiena izatea nahi dute, 6.000 pertsona batzeko apustua egina baitaukate.

Herrira mugimenduak prentsaurrekoa eskaini du larunbateko «mobilipdubzioa»ren berri emateko. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Herrira mugimenduak prentsaurrekoa eskaini du larunbateko «mobilipdubzioa»ren berri emateko. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Herria mugimenduak lipduba egingo du larunbat honetan, hilaren 8an, Durangoko kaleetan zehar urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziorako giroa berotze aldera. Bertan, euskal preso politikoen etxeratzea eskatuko dute.

Ekimenean 6.000 pertsona batzeko apustua egin dute mugimenduko kideek, gisa honetako ekimen batean batu den jende kopuru handiena gaindituz. Bi abesti erabiliko dituzte grabaketan; batetik, Xutik! taldeak Baionako manifestaziorako egin zuena eta, bestetik, Bilboko mobilizazioari begira Joseba Sarrionandiaren hitzekin Josu Zabalak osatu duen ‘Herrira Noa’ abestia.

Ibon Meñika mugimenduko kideak hartu du hitza prentsaurrean eta mobilizazioa abagune politiko baten baitan kokatu du. Alde batetik, Estatu espainiar nahiz frantsesak salbuespeneko neurriekin jarraitzen dutela salatu du, «ez baititu presoak kaleratzen eta ‘Parot doktrinarekin’ jarraitzen duelako».

Bestetik, 600 preso politiko baino gehiagok sakabanaketaren ondorioak pairatzen dituztela salatu du. Horren aurrean, euskal gizartearen gehiengoak giza eskubideen aldeko hautua egiten duela adierazi du. Modu horretan, aldarrikapen horrek Bilboko mobilizazioan bere isla izango duela nabarmendu du.

Meñikak «mobilipdubzioa» bezala definitu du larunbateko ekimena; lipduba eta mobilizazioa batzen dituelako. Bide horretan, ekimen «zabal, parte hartzaile, herritar eta alai» baten aurean gaudela esan du.

Ekimena babestu dute, besteak beste, Ines Osinaga, Alex Sardui, Xabi Solano, Xabier eta Miren Amuriza, Pako Letamendia, Mario Zubiaga, Rebeka Ubera, Maribi Ugarteburu, Pello Urizar, Amaia Agirresarobe, Alex Txikon, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Zuriñe Hidalgo edota Maria Riverok.