Maider IANTZI
GASTEIZ

Berrikuntza ugari dakarren Korrika Kulturala aurkeztu dute

Korrika baino bi hilabete arinago abiatuko den Korrika Kulturala nolakoa izanen den irudikatzeko aurkezpen animatua egin dute Gasteizen. ‘Zuzeneko instanteak’ proiektua eta Lekukoaren bila’ jinkana dira edizio honetako berrikuntza nagusiak.

Martxoaren 14tik 24ra bitartean egingo den Korrikaren 18. edizioa baino bi hilabete lehenago hasita burutuko den Korrika Kulturala aurkeztu dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

Artes eszenikoak bultzatu, sortzaile berriei bidea ireki eta lanak sortzen eta zabaltzen laguntzeko asmoz, egitarau oparoa prestatu dute.

Edurne Brouard Korrikako arduradunak azaldu duenez, Euskal Herriari ematen dion guztiaren zati bat behintzat bueltatzeko modurik egokiena iruditzen zaie bertoko kultura sustatzea.

Korrika kulturalaren edizio honek bi berrikuntza nagusi dakartza, ‘Zuzeneko instanteak’ proiektua eta ‘Lekukoaren bila jinkana’. Lehenengoa musika eta argazkiak uztartzen dituen erakusketa da, eta hogei argazkilarik parte hartzen dute bertan, musikazuzenean.com atari digitaleko kideak denak. Ekimen honen baitan, gainera, solasaldi musikatuak, mahai-inguruak ere izango dira, besteak beste.

‘Lekukoaren bila’ Euskal Herri osoan garatuko duten jolas-lehiaketa handia izanen da. Lehenik, herri, hiri eta auzoetako aurrekanporaketak eginen dituzte; ondotik, herrialdeko kanporaketak; eta azkenik, finala Baionan, Korrikaren amaierako bestan.

Herri bakoitzeko, gutxienez, talde bat atera nahi dute. Edonork parte har dezake eta gaurtik eman daiteke izena, otsailaren 26ra arte, AEKren euskaltegietan.

Horrez gain, urtero legez, bertsolaritzak, antzerkiak eta bestelako ekitaldiek ere lekua izango dute Korrika Kulturalaren programazioan.