NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ehunka atxikimendu gehiago, Bilboko manifestazioari bultzada berria emateko

Politika, kultura, hezkuntza edota kirol arloko 500dik gora atxikimendu berri jaso ditu Herrira mugimenduak datorren urtarrilaren 12an Bilbon egingo den euskal preso eta iheslarien eskubideeen aldeko manifestaziorako.

Jose Mari Agirretxe eta Miren Tolaretxipik hartu dute hitza Donostian egindako agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Jose Mari Agirretxe eta Miren Tolaretxipik hartu dute hitza Donostian egindako agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostian burututako agerraldi batean, Herrira mugimenduak urtarrilaren 12ko manifestaziorako bildu dituen atxikimendu berriak aurkeztu ditu.

Miren Tolaretxipi irakasle jubilatuak eta Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’-ek hartu dute hitza, Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia eginez, «argazki historikoa» izango baita, «sigla, kolore eta ñabarduren gainetik» pankarta berearen atzean bat egingo duen jende kopuruari erreparatuta.

Tolaretxipi eta Agirretxerekin batera, aurpegi ezagun ugari izan da prentsaurrekoan, besteak beste Ramon Labayen EAJko kide historikoa, Javier Madrazo sailburu ohia edota Begoña Vesga, Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Azpimarratu dutenez, «iraganeko errezetek» ez dute balio Euskal Herrian irekitako aro politiko berriari aurre egiteko eta gaineratu gobernuak ez direla nor presoen eskubideekin espekulatzen jarraitzeko.

Zentzu horretan, gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena betea dutenak askatzeko eskatu dute. Dispertsioarekin eta bakartzearekin bukatzeko beharra ere nabarmendu dute.

Horregatik, kalera ateratzeko eta manifestazioan parte hartzeko deia berretsi dute, «posizioak mugitu eta prozesuak azkartuko» dituen «lurrikara soziala» eragiteko.

Argitaratu duten atxikimendu zerrendan, besteak beste, honako izenak agertzen dira: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joseba Sarrionandia idazlea, Juanito Oiarzabal mendizalea, Kontxi Bilbao eta Nekane Altzelai EAEko parlamentari ohiak, Kepa Junkera musikaria, Iñaki Antiguedad unibertsitate irakaslea, Jose Luis Korta arraun entrenatzailea edota Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria.