NAIZ.INFO
AINHIZE-MONJOLOS

Babes handia jaso du Udalbiltzak aurkeztu duen Euskal Pirinioen garapen proiektuak

«Euskal Pirinioetan lan eta bizi da» ekimenaren leloa eta Nafarroa Garaiko, Baxenafarroako eta Zuberoako 103 udalerri hartuko ditu proiektuak.

Herritar andana bildu da Udalbiltzak burutu duen aurkezpenean. (Gaizka IROZ)
Herritar andana bildu da Udalbiltzak burutu duen aurkezpenean. (Gaizka IROZ)

Udalbiltzak Euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko egitasmoa aurkeztu du Ainhize-Monjolosen (Baxenafarroa), Laborantza Ganbararen egoitzan. 100 lagun inguru batu dira ekitaldi instituzionalean eta bertan izan dira ordezkari instituzionalak, gizarte eragileak eta herritarrak.

Besteak beste, Jean Pierre Irigoin (Ainhize-Monjoloseko auzapeza), Mixel Berhokoirigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria), Maite Iturre (Udalbiltzako lehendakariorde, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoko Kontseilu Orokorreko kide eta Baztango hautetsia), Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako lehendakari, Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakari eta Usurbilgo auzapeza), Daniel Olzomendi (Udalbiltzako lehendakariorde, Garapen eta Kohesio Fondoko Kontseilu Orokorreko kide eta Izurako auzapeza) eta Jean Michel Galant (Azkarateko auzapez, Baigorri-Garaziko herri elkargoko lehendakari eta Udalbiltzako kidea) izan dira ekitaldian.

«Euskal Pirinioetan lan eta bizi» da ekimenaren leloa eta Udalbiltzak 20 programa sustatuko ditu 120.000 euroko diru laguntzarekin. Proiektuak aurkezteko epea martxoak 31rarte luzatuko da. Udalbiltzaren webgunean informazio gehiago aurki daiteke.