Naiz.info
Bilbo

EiTB.com hornitzen duen enpresa itxi egingo dute eta langile guztiak kaleratuko dituzte

Media For Future enpresak, EiTB.com edukiz hornitzeko azpikontratatutako konpainiak, itxi egingo du datorren abenduan eta bere langile guztiak kaleratuak izango dira.

EiTBk Bilbon duen egoitzako irudia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
EiTBk Bilbon duen egoitzako irudia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Media For Future (M4F) enpresako 50 langile inguruk hornitzen dute EiTBren webgunea eta abenduan itxi egingo duela iragarri dute enpresako langile batzordeak eta LAB sindikatuak.

2013an, EiTBk aurrekontuetan murrizketak egin zituen eta, ondorioz, M4Fri kontratatutako zerbitzuak ere murriztu egin ziren. Horrela, lana erregulatzeko txostena aurkeztu zuten lanpostuen erdia deuseztatzeko. M4Fko langileek, baina, borrokari ekin eta lanposturik ez galtzea erdietsi zuten. Langileen lanaldia murriztua izan zen, ordea.

Langile batzordearen eta LAB sindikatuaren arabera, «ordurako dena erabakita zegoen. Enpresako azpikontratazioan irregulartasunak ziren bazekien EiTBk», esan dute. M4Fko langileen ia erdiak legez kanpoko lagapenaren aurkako salaketa aurkeztu zuten, Lan Ikuskaritzako txostenen arabera «oso larria» izan zena.

Horrez gain, «Frantziako Gizarte Segurantzan Baionako langile bati ustez alta ez emateagatik M4F inputatu dute. Fiskalak enpresari 250.000 euroko isuna ezartzea eskatu du. Era berean, Itziar Ijalba M4Fko zuzendariari 60.000 euroko isuna eta hiru urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du», gaineratu dute.

2014an, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, «M4Fko eta EiTBko zuzendaritzaren kudeaketa eskasaren» ondorioz. M4Fek eta EiTBk enpresa ahalik eta azkarren ixteko mekanismoak abian jarri dituzte. M4Fk konpainia likidatzeko hartzekodunen konkurstoa aurkeztu duela iragarri dute. Ekainean langileen erdia kaleratzeko asmoa ei dute, eta gainerako lanpostuak 2014ko abenduan deuseztuko direla ohartarazi.

Egoera horren aurrean, EiTBri erantzukizunak onartzeko eta M4Fko langileei bidezko irtenbide bat emateko galdegin diote. Lakuako Gobernuari neurriak hartzeko galdegin die.