naiz
gasteiz

Eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte Gasteizen

Gasteizko Mugimendu Feministak eraso sexistekin eta jarrera matxistekin amaitzeko eskatu du eta datorren astelehenean hasiko diren festetan halako egoerarik errepika ez dadila exijitu.

Mugimendu Feministak eraso sexisten aurka Gasteizen egindako agerraldia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Mugimendu Feministak eraso sexisten aurka Gasteizen egindako agerraldia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Kolektibo feministak Gasteiz «jarrera machista, jazarpen eta edozein indarkeriatik libre» izango den hiriburu bilakatzeko protokoloa aurkeztu du datorren astelehenean abiatuko diren Ama Zuriaren jaiei begira.

Horrez gain, hiritarrei dei egin diete emakumeen aurkako edozein jazarpen salatzeko eta telefono zenbaki bat helarazi dute (688 697688) erasorik jasaten duen edonor artatzeko.

Mugimendu feministak, gainera, azken urteetan Gasteizen gero eta ugariagoa den ohitura bat salatu du. Emakumeen soinean bular aldean pegatinak jartzearena, hain zuzen.

Horren haritik, berriki Blusa eta Nesken Komisioko presidente Luis Izagak egindako adierazpenen zuzenketa eskatu dute. Izagak esan zuenez, «bizi osoan» jarri izan ditu pegatinak eta «titiak ukitu izan ditut», baina «emakumeek ere jartzen dizkiete gizonezkoei zakil aldean».

Izagak barkamena eskatu du esandakoagatik eta «gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko jarrerak» bultzatzeko konpromisoa agertu, nahiz eta Mugimendu Feministak Blusen Komisioko zuzenketa exijitu duen.