NAIZ

Epaiketara agertu ez diren bost gazteak bilatu eta atxilotzeko agindu du Murillo epaileak

28 gazte independentistak beste epaiketa bati egin beharko diote aurre gaurtik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean. Seina urteko espetxe zigor eskariari egin behar diote aurre Segiko kide izatea egotzita. Haietako bost –Irati Tobar, Jazint Ramirez, Igarki Robles, Xabier Arina eta Imanol Salinas– ez dira agertu Madrilen eta epaileak bilatu eta atxilotzeko agindua eman du.

Epaituko dituzten gazteak, Auzitegi Nazionalera iristen. (@albertopradilla)
Epaituko dituzten gazteak, Auzitegi Nazionalera iristen. (@albertopradilla)

2010ean izandako polizia operaziotik abiatuta atxilotu zituzten 28 gazte independentistaren aurkako epaiketa hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuetako gehienak Madrilera joan ziren atzo, Loiolan agerraldi jendetsua egin ostean, baina horietako bost –Irati Tobar, Jazint Ramirez, Igarki Robles, Xabier Arina eta Imanol Salinas– bertan geratu ziren eta Aske Gunea sortu zuten.

Angela Murillo epaileak berehala eman du bost gazte horiek bilatu eta atxilotzeko agindua, eta behin atxilotuta epaiketa egiten den bitartean kartzelan egon beharko dutela ohartarazi du.

Auzipetuek konponbidearen aldeko kartelak erakutsi dituzte, eta epaileak, haserre, saioa eten eta auzipetuak kanporatu ditu. Ordu erdiren buruan edo, epaiketa berriro hasi da, baina auzipetuekin bakarrik, publikorik gabe. Poliziek miatu egin dituzte, ea beste kartelik zeramaten ikusteko.

Loiolara joateko deialdia

Atxilotzeko aginduaren berri izan bezain laster, Loiolara bertaratzeko deialdia egin dute Aske Gunearen antolatzaileek.

Atxilotu zituztenetako gehienek torturak jasan zituztela salatu zuten, auzipetuetako batzuk operaziori ihes egitea lortu zuten hasieran eta Izpurako erresistentzia ekimenean parte hartu zuten, Irati Tobar izan zen euro aginduen aurka sortutako ekimenaren ondoren atxilotu zuten azken auzipetua, 2011ko martxoaren 30ean.

Loiolako agerraldian auzipetuak adina desobeditzeko era baliatuko dituztela iragarri zuten 28ek elkarrekin. Lehen ekimena Aske Gunearen sorrera bera izango dela esan zuten eta Madrilera joan direnek ere desobedientzia baliatuko dutela. Epaiketa lekuz eta denboraz kanpo dagoela salatu zuten «Konponbidea bai» eta «Epaiketarik ez» zioten pankarta bana ondoan zituztela.


Aske Gunea erreprodukzio zerrenda [NAIZ+]