NAIZ
BILBO

Topatuko hiru kide inputatu ditu Velasco epaileak ekitaldi politiko baten inguruan informatzeagatik

Urriaren 7an Auzitegi Nazional espainoleko epaile Eloy Velascoren aurrean deklaratu beharko dute Topatu.info webguneko hiru kazetarik. 2013ko martxoko Gazte Danbadaren baitan egin zen ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik «terrorismoa goratzea» egozten zaie.

2013ko martxoan egindako Gazte Danbadaren ekitaldi nagusiaren une bat. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
2013ko martxoan egindako Gazte Danbadaren ekitaldi nagusiaren une bat. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

2013ko martxoan Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdiaren baitan burututako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik Topatu.info webguneko hiru kazetarik Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrera joan beharko dute, «terrorismoa goratzea» egotzita.

Euskal Herrian deklaratzeko eskaerari uko egin dio auzitegiak eta, hortaz, urriaren 7an Madrilera joan beharko dute hiru lagunek.

Aipatu ekitaldi politikoan, egun haietan zendu zen Xabier Lopez Peña euskal presoa izan zuten gogoan eta, ondorioz, Ernai antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria inputatu gisa deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazionalak.

Topatuk ere ekitaldiaren inguruko hainbat bideo ezabatzeko agindua jaso zuen, eta bete ezean webgunea ixtearekin mehatxu egin zieten. «Agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen, webgunea ixteak ekarriko lituzkeen kalteak kontuan hartuz», azaldu dute proiektuko arduradunek ohar bidez.

Agindua bete arren, informazio hura zabaltzean Topatuko hiru kideek «terrorismoa goratu» zutela uste du Velasco epaileak.

Euskal Herrian prentsa askatasunaren aurkako erasoak eta Madrilen aginduz itxitako komunikabideen zerrenda luzea aipatu ondoren, poliziak herri ekimeneko kazetariekin izan ohi duen jarrera arbuiatu dute. «Kontatzen duguna gustuko ez dutelako botatzen gaituzte bortizki herri harresietatik, alboratzen gaituzte manifestazioetan, indentifikatzen gaituzte ekimen baten berri ematen gaudenean», azpimarratu dute.

Interes informatiboa

Gazte Danbadak lau egunez 7.000 gazte inguru bildu zituela eta bertan egindako ekimen ugariren berri eman zutela nabarmendu dute Topatuko kideek, «interes informatiboa soberan gainditzen zuelako».

«Velascok bere aurrean deklaratzen nahi gaitu orain, ekimen horren inguruan modu profesional eta zintzoan sortu genuen informazioa gustuko ez duelako. Madrilen nahi gaitu egunero egiten dugun lanak min egiten diolako eta komunikabide bezala geroz eta erreferenteagoak garelako», gaineratu dute.

Azken bi urteotan gazte proiektu komunikatiboa sendotzeko egindako ahalegina aldarrikatu ondoren, «prentsa eta askatasuna zentsuraz moztu nahi badituzte ere», bide horretan lan egiten jarraitzeko prestutasuna agertu dute.