NAIZ
BILBO

«101 argi izpi», sakabanaketaren amaiera «ezinbestekoa eta urgentea» dela aldarrikatzeko

Euskal Herriko nahiz nazioarteko alor desberdinetako 101 lagunek bat egin dute Bilbon urtarrilaren 10ean sakabanaketaren aurka egingo den manifestazioarekin. «101 argi izpi» dira, «munduak jaso dezan dispertsioaren amaiera urgentea dela».

Sinatzaileetako batzuk Sareren agerraldian izan dira. (ARGAZKI PRESS)
Sinatzaileetako batzuk Sareren agerraldian izan dira. (ARGAZKI PRESS)

101 pertsona ezagunek bat egin dute Sarek antolatuta Bilbon urtarrilaren 10ean sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko egingo den manifestazioarekin. Joseba Azkarragak eta Maddi Mochalesek eman dute zerrendaren berri, Bilbon egin duten agerraldian.

Idazleak, filosofoak, musikariak, kirolariak, aktoreak, kazetariak, bertsolariak, medikuak, abokatuak, zinemagileak... alor guztietako pertsonak ageri dira sinatzaileen artean. Katixa Agirre, Jagoba Arrasate, Patxi Biskert, Cristina Maristany, Eñaut Elorrieta, Jose Angel Cuerda, Anje Duhalde, Txaro Arteaga, Ernest Benach, Josep Lluis Carod Rovira, GEmma Calvet, Pedro Miguel Etxenike, Carlo Frabetti, Iratxe Ibarra, Juan Ibarrondo, Itziar Ituño, Gorka Knorr, Almudena Montero, Fermin Muguruza, Juanito Oiarzabal, Aimar Olaizola, Eneko Olasagasti, Aitor eta Amaia Merino, Kepa Junkera, Willy Toledo, Kirmen Uribe, Iñaki Zarraoa, Joane Somarriba, Javier Sadaba eta beste askok bat egin dute deialdiarekin.

 

Azkarragak eta Mochalesek gonbita egin dute Bilboko manifestazioan «masiboki» parte hartzera, «milaka eta milaka herritarren garrasi isila azken txokoraino irits dadin, munduak ikus dezan badela giza eskubideen aldeko jendartearen espresio aktibo bat» eta «munduak jaso dezan dispertsioaren amaiera urgentea eta ezinbestekoa dela».

Nabarmendu dutenez, sakabaneketarekin amaitzea ez da «eztabaida ideologiko ez eta sigla politiko kontua», «jendarte guztia interpelatzen duen» giza eskubideen kontua baizik.

Horrenbestez, «guztion artean osatutako mezu argi eta garbia» zabaltzeko deia egin dute: «NOW! Euskal Herrira!».