NAIZ
BILBO

Aitor Fernandezek eta Aingeru Cardañok espetxeratze agindua desobedituko dute

Aingeru Cardaño eta Aitor Fernandezi hiruna urteko espetxe zigorra ezarri zien espainiar Entzutegi Nazionalak duela 14 urteko ekintza bat leporatuta, baina onartu ez eta «desobedientziaren aldeko bidea hartzea» erabaki dutela iragarri dute. Sortuk zigorra «zentzugabea eta onartezina» dela salatu du.

Aitor Fernandez eta Aingeru Cardañok lagun eta senidez inguratuta eman dute prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)
Aitor Fernandez eta Aingeru Cardañok lagun eta senidez inguratuta eman dute prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)

Aitor Fernandez eta Aingeru Cardaño euskal preso ohiei hiruna urteko espetxe zigorra ezarri zieten ekainean, 2001eko «kale eraso bat» leporatuta. Honen aurrean, espetxeratze agindua arbuiatu dute: «Ez ditugu onartzen eta desobedientziaren aldeko bidea hartzea erabaki dugu». Zentzu honetan, «edozein momentutan atxilotu eta espetxeratuak izan daitezkela adierazi dute Bilbon senide eta lagunez inguratuta emandako prentsaurreko batean.

Honen aurrean, azpimarratu egin dute espainiar Entzutegi Nazionala ez dela «inor euskal herritarrak epaitzeko eta bere justizia ez dugu zilegitzat hartzen». Gogora ekarri dute Fernandez eta Cardaño 2003ko ekainean atxilotu zituztela eta orain 2001eko kale eraso bat dela-eta kondenatu dituzte.

Lehenengoz atxilotu zituztenean pairatu zituzten torturak salatu dituzte eta orain ere «torturapean egindako deklarazio poliziak oinarritzat hartuz» ezarri dietela zigorra azpimarratu dute. Puntu honetan EAJk jokatu zuen papera arbuiatu dute. «Lau egun egon ginen Arkauteko komisaldegian lege antiterroristaren aplikaziopean. Kolpeak, itotzeak, eraso sexualak, irainak, oihuak, argia emanda eta musika topera egneko 24 orduak. Noiz onartuko duzue tortura erabili duzuela? Noizko autokritika?», galdegin diote alderdi jeltzaleari.

Bestetik, behin espetxetik irtenda pairatu duten jazarpen judiziala jari dute mahai gainean. «Zitazioak, jarraipenak, atxiloketa, astero sinatzera joan beharra, 14 urteko espetxe eskaera greba batean parte hartzeagatik...», zerrendatu dute.

«Euskal Herriaren kontrako mendeku politikak ez du etenik», adierazi dute Jone Amezaga edo Gasteizko herri harresia gogora ekarrita.

Sortu: «Zigorra zentzugabea eta onartezina da»

Bilboko Sortuk, ohar baten bitartez, espetxeratze agindua eta espainiar Audientzia Nazionala «tokiz eta garaiz kanpo daudela erabat» adierazi du. Zentzu honetan, «espetxeak hustu eta ez betetzeko garaia» dela nabarmendu dute, gainera oinarria torturapean lortutako autoinkulpazioak dituela gogoratu dute. «Horrenbestez, are zentzugabeagoa eta ezin onartuzkoagoa da bilbotar bi hauen kontrako ekinbidea. Espainiako Audientzia Nazionala desagertzeko garaia da. Konponbide garaia da», sinatu dute.