@iontelleria
DONOSTIA

«Zinean euskarak zuen pareta apurtzea zen helburua»

Ikuska sailean parte hartu zuten 15 zuzendarietako 9 elkartu ditu ‘Euskadiko Filmategia’-k Tabakaleran eta sailaren garrantziaz eta balioaz aritu dira zinegileak. Euskara zinema munduan abiatu eta modu iraunkorrean garatzea zutela helburu nabarmendu dute eta garaian zineak berak eta euskarak zituzten zailtasunak gogoratu dituzte. Mahai-inguruaren ostean bertan ziren zuzendarien lanak ikusteko aukera izango da. 

Bederatzi zinemagileak gaurko mahai-inguruan.
Bederatzi zinemagileak gaurko mahai-inguruan.

Orain hiru hamarkada Antxon Ezeizaren koordinaziopean garatu zuten proiektuaz hitz egiteko elkartu ditu ‘Euskadiko Filmategia’-k gaur Ikuska sailean parte hartu zuten 15 zuzendaritatik 9. GARAk berreskuratu berri du 21 dokumentalek osatutako lan hau, 1979 eta 1984 urteen artean landutako puntako ondare kulturala. 

Maialen Beloki moderatzailearen galderari erantzunez Jose Luis Egeak azaldu du zein zen helburu behinena, «zineman euskarak zuen pareta apurtu nahi zen eta hortik abiatuta euskarazko zine ekoizpen iraunkor bat sortzea, zegoenarekin!». Javier Aguirresaroberen ustez Ikuska saila «euskal zinemaren sorrera» izan zen eta, bere kasuan, baita bere abiatze profesionala ere. 

Mirentxu Loyarte nafarrak 12. Ikuska egin zuen eta galdera bota du airera, zergatik ez duen bide honek jarraipenik izan. Garai bertsuan ETB sortu zela gogoratu du Javier Aguirresarobek, Ikuska ia denen argazki arduradunak. Aurrez «hau desertua zen» azpimarratu du eta agian ETBren sorrerak aukera ezberdinak ireki zituela. Garaiko Lakuako gobernuaren babes eta apustu falta ere salatu dute Imanol Uribek eta Pedro Oleak.

Egeak «iluntasunean piztutako argi puntua» izan zela azpimarratu du. «Ilunetan zaudenean, ez dago ezer, eta puntu horretan ezinbestekoa da argi printza bat, nondik nora joan jakin ahal izateko».

Ordutik honako bide luzea baliaon jarriz, garapena izugarria izan dela uste du Juanba Berasategik eta ‘Loreak’ filmaren fenomenoa jarri du adibide gisa, euskaraz egindako lan bat Hollywoodera iritsi dela gogoratuz.  

Zer da euskal zinea?

Beloki moderatzaileak Antton Ezeizak euskal zinea nola definitzen zuen azalduz abiatu du mahai-ingurua. Ezeizak euskarazkoa behar zuela zioen, euskal estetikaduna eta «opresioa iraunarazten ez zuten gaiak» landu behar zituztela. Behin baino gehiagotan agertu da gaia mahai-inguruan, garaian ere dezenteko eztabaidak izan zituztela gogoratuz.

Juanba Berasategik Ezeiza beraren anekdota bat ekarri du gogora. Euskara ez zela hizkuntza komertziala askotan aipatzen zela ikusita esan omen zuen behin, «ba egin dezagun txineraz, txinatar gehiago daude eta, kontua komertziala bada, ez kulturala... gehiago salduko dugu». Berasategik azpimarratu du beste herrialdeei ez bezala, euskalduna beti autoaldarrikapenean ibili behar izaten dela.

Garaiko agintari instituzionalen hitzak ere ekarri dituzte, izenez aipatu gabe baina prentsan izan zen polemika bat gogorautz, sailburu batek gazte zinemagileei esan omen zien «ahaztu zazute euskara». 

Orain 35 urte euskara eta zinearen arteko harremanaren eztabaida ika-mika iturri nagusienetakoa izan zela aipatu dute zuzendariek behin baino gehiagotan, eta eztabaida horren bueltan iritsi da amaierara mahai ingurua bera ere. 

«Barrura begirako konplexuak»

Mahai-inguruaren ostean 10 Ikuska lan eman dira. Emanaldiaren aurretik Gorka Altunak hartu du hitza GARAren izenean. Euskal Herrian dagoen sorkuntza oparoari dagokion aipamena egin ote zaion galdetu du. Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, Antxon Ezeiza bera, Chillida... aipatu ditu, besteak beste, eta ondoren Euskal Herrian maila artistiko izugarria dagoela. «Goraipatu ditugu? Haien lanak zabaldu ditugu atzerrian? Gure artean?» galderak bota ditu airera. Atzerrira joateko eta atzerritik datozenak onartzeko «konplexurik ez badugu, barrura begiratzean konplexuz beteta gaudela» dirudiela adierazi du.

Horiek esanda esker on mezua izan du garaian ‘Ama Lur’ auzolanean gauzatzea posible egin zutenentzat eta baita Ikuska ekoizteko dirua jarri zuten enpresa eta pertsonak ere, Laboral Kutxa, Xabier Irindio eta Juanito Zelaia aipatu ditu. Bertan ziren zinemagileei eskertu die egindako ibilbide profesionala, «hau da herri honek duen energia, berriztagarria gainera» esan die jendearen txalo artean euren izenak aipatuz. 

Filmategiaren izenean Jon Lopezek hartu du hitza, GARAk egin duen edizio berrian euren lan nagusia Ikuska filmak gaur arte iraun izana izan dela esan du eta horretan Espainiako filmotekak eta bereziki Alfonso del Almok egindako lana goraipatu nahi izan du.

Segidan, zuzendari bakoitzak bere filma aurkeztu du. Jose Luis Egeak ikastolen inguruan egindakoa, Pedro Oleak Gernikako bonbardaketaz landutakoa, Juanba Berasategiren Nafarroa eta euskararen ingurukoa, Jose Julian Bakedanok euskal artisten inguruan, Iñaki Eizmendik kontrasteak hipizde, Montxo Armendarizen Erriberaren ingurukoa, Mirentxu Loyarteren euskal emakumeena, Imanol Uriberen euskal kanta berriarena, Juanmi Gutierrezek euskaldunberriak ardatz hartutakoa eta Antxon Ezeizak gainontzeko lanak jasoz egindako laburpen lana.