Naiz+ Naiz+

Ukelelearen euskal txokoa, Youtuben

«Izaskun Canga dut izena eta ukelelezale amorratua naiz», modu horretan aurkeztu du bere burua gure postontzian Youtuben ‘Jo ukelelea’ kanala kudeatzen duen gazteak. Ukelelez jotako euskal kantak eta horiek jotzeko tutorialak argitaratzen ditu Cangak bere kanalean. 50 bat bideo inguru igo ditu honezkero eta asmoa euskal kantak ukelelezaleengana hurbiltzea dela dio.

Hona bere buruaz eta ukeleleaz egiten duen aurkezpena: «Ukelelezale askoren moduan, autodidakta naiz. Ikaragarri gustatzen zait ukelelea. Doinu goxo-goxoa dauka, modu formalean musika ikasi ez duten pertsonen eskura ere badago, eta oso esker onekoa da: ikasiz inbertitutako orduek luzera ailegatzen dira, eta benetan aproposa da hartu eta berehala abesten hasteko»

Ikastaroa maiatzean

Konbentzitu bazaituzte, urratsa emateko aitzakia ere igorri digu postontzira. Maiatzaren 8an, 15ean eta 22an Azkue Fundazioak eta Darabilbok antolatutako ukelele ikastaroan izango dela ere aurreratu baitigu Izaskunek. Zerotik hasiko da ikastaroa, denentzat irekia da, beraz. Instrumentuaren beraren jatorria, oinarrizko erritmo eta akordeak, ikasteko baliabideak eta bost kanta (Amets, Peio Joxepe, Sarri Sarri, Ikusi mendizaleak eta Zaindu maite duzun hori) landuko dituzte. (Eman izena)