m24donostia
Donostia-kabezera
Elkarrizketak
Juan Karlos Izagirre
DONOSTIAKO ALKATETZARAKO EH BILDU-REN HAUTAGAIA

Duela lau urte Larrialdietako Zerbitzuak utzi zituenean politikan aritzeko erabat ezezaguna zen Juan Karlos Izagirre (Igeldo, 1963). Donostiako alkatea, gaur egun, inkesten arabera, ospean zein balorazioan onenetarikoa da, eta egindakoarekin pozik azaltzen da.

«Apokalipsia zetorren gurekin, baina lanak fruituak eman ditu»
Oihane Larretxea|Donostia|2015/05/21 08:46
Loading player...

AKORDIOAK
Inposizioa leporatzen digute eta ez da horrela. Gutxiengoan izanik hitz egitera behartuta gaude, eta adostasun piloa lortu dugu.

Atzera buelta
Lau urte hauek gure eredua errotzeko izan behar dute. Atzera bueltarik egon ez dadin, irabaztea ezinbestekoa da, majo irabaztea.

Elkarrizketa egiteko hautatuko aretoak moketa dotorea du, garai bateko altzari baliotsuak eta kristalez betetako lanpara handi distiratsua. Atmosfera horrekin antzik ez du, ordea, medikuntza behin-behinean utzi eta azken lau urteetan Donostiako alkate izan den Juan Karlos Izagirrek. Lasai dagoela dio, ziur baitago maiatzaren 24an eredu berriaren alde egingo dutenek irabaziko dutela. «Zer sentitzen duzu orduan?», galdetu diogu. «Gogo itzela eta ilusioa», dio.

Alkatetzara iritsi berritan, lau urteren buruan Donostia nola ikusi nahi zenuen galdegin nizun. Euskaldunagoa, periferiaren eta erdigunearen arteko ezberdintasun txikiagoekin, parte-hartzaileagoa eta euskal kulturaren aldeko apustuarekin. Lortu al duzue?

Zaila izan den egoera batean, amestu genuen Donostia betetzen ari gara. Euskaldunagoa da eta auzoek protagonismo berezia izan dute. Zerbitzu publikoak ez dira murriztu eta lana sortu da, lan duina, eta ez da donostiar bakarra gelditu laguntza sozialak jaso gabe. Etxegabetze bakar bat ere ez da egon. Hori guztia eredu ezberdin batekin. Parte-hartzeari dagokionez, lau urtetik behin bozkatzeaz gain, etengabe harremanak ehundu ditugu sektore eta herri mugimenduekin eta galdeketen araudi berria onartu dugu.

Zein ikuspuntutik begiratzen diozu kanpainari eta berriro hautatua izateko aukerari?

Ordukoak ez du oraingoarekin zerikusirik. 2011n, kanpaina hasi baino minutu bat lehenago, ez genekien aurkeztuko ginen edo ez. Orain, ordea, badakigu hau posible dela. Horregatik, lau urte hauek eredua errotzeko izan behar dute. Atzera bueltarik egon ez dadin, irabaztea ezinbestekoa da, baina majo irabaztea.

Zubien garrantzia aipatu ohi duzu. Udal Gobernuak zubiak eraiki al ditu hiritarrekin nahiz hiriko sektoreekin?

Milaka adibide jarriko nituzke eta kanpainan esatea arraroa da, baina guk ez dugu inoren aurka diskurtso itsusirik egin nahi, guk esaten duguna da zer egin dugun eta zein asmo ditugun, modu positiboan eta eskuak zabalduz. Erakutsi dugu ez bakarrik sektoreekin lan egin dugula, baizik eta Udaletik ekonomia indartu dugula, eskumena ez badugu ere, emaitza oso onekin. Betiko kudeatzaileek erabiltzen dituzten parametroetan, Donostia erreferentea da ekonomia suspertzeko politiketan, politika sozialetan, gardentasunean, eleaniztasunean, berdintasunean… eta emaitzak onak izan dira, etengabe zubi lana eta parte hartzea erabili ditugulako.

Ekonomia suspertzeko planean enpresa handiek, txikiek, ertainek, ostalariek, dendariek, Unibertsitateak… denek parte hartu dute, 50 eragile baino gehiagok. Uneotan Donostian %12,5eko langabezia dago eta noski kezkatzen gaituztela 10.700 langabeek, baina Gasteiz, Bilbo edo Iruñean %17, %18 %20koa da langabezia tasa; EAEn %16koa.

Eta oposizioarekin?

Asko. Inposizioa leporatzen digute eta ez da horrela. Gutxiengoan gaudenez behartuta gaude hitz egitera eta adostasun pila lortu ditugu egunerokoan. Beste gauza bat da beraiek inposizioaren diskurtsoa erabiltzea gobernua bakarrik dagoen irudia eskaintzeko.

Hiri honetara apokalipsia zetorren gu heldu ginenean, ez omen ginen kudeatzeko gai… baina frogek beste gauza bat diote. Zain zeuden proiektuak aurrera doaz, autobus geltokia edo Tabakalera; eta blokeatuta zeudenak, San Bartolome eta Bretxa kasu, aurrera doaz. Txomin eta Martutenen 20 milioi euro inbertitu ditugu lurrak berreskuratzeko… hondamendiaren diskurtsoak ez du fundamenturik eta, hala ere, oraindik erabiltzen dute. Ez dugu gaizki kudeatu, diferente baizik, eta hori batzuentzat arriskutsua izan daiteke.

Uste duzu mezu katastrofistak hiritarrengana heltzen direla?

Komunikabideek nolabait iritzi publikoa sortzen dute, eta orokorrean nahiago dute aurreko sistemarekin jarraitu beste hau ezarri baino. Mezu katastrofista horiek beren eragina izan zuten, baina gure lanarekin jendea konturatu da zentzurik ez dutela, hots, ez hedabideek horretan lagundu dutelako.

Hedabideak aipatu dituzu. Zuzen tratatu zaituzte?

Zaila egin zaigu transmititzea egiten genituen guztiak, hala izan zedin asmoa egon delako. Eta hor inplikatzen ditut oposizioa, baita hedabide batzuk ere. Gauza asko egin dira eta batzuetan ezkutatzen saiatu dira, ordea. Lehen emandako datuak ez dira apenas ezagutzen, eta hor daude. Beste baten bat egon izan balitz, titularrak izango zituzkeen; gurean itzalean gelditu dira, eredu honek emaitza hobeak dituela egiaztatzen delako.

Horrek frustratzen zaitu?

Ni? Ez. Ni frustratzeko zerbait gehiago behar da. Iruditzen zait ez dela bidezkoa, baina konfiantza osoa daukat herritarrekin egonez ulertuko dutela.

Inkestek borroka paretsua aurreikusten dute eta alderdien arteko itunak aipatu dira. Horretan pentsatzen duzu?

Paktuak emaitzaren arabera izango dira, baina tristea dena da akordioez hitz egitea norbaiten aurkako klabean, eta edozein lekutan aplikatzekoak dira hitzok. Gu irekiak gaude adostasunak lantzera, lau urte hauetan egin dugun bezala, baina inportanteena da 24an irabaztea, irabaztea gehiengo zabal batekin. 25ean hitz egingo dugu.

Pozak, buruko minak… Zer suposatu du Donostia 2016k?

Begira, 2016k aukera asko ditu, baina bi azpimarratuko nituzke. Lehena, aukera paregabea dela adierazteko hemen kultura bat existitzen dela eta Europan dauden beste kulturekin lanean aritu nahi dugula. Eta, bestetik, kultura ez dela kontsumorako bakarrik, baizik eta ezberdinen artean gauzak egiteko, eta horrek balio handia du bai Donostian, bai Euskal Herri osoan. Bestetik, buruhauste asko izan ditu, baina artifizialak eta alferrikakoak izan dira guztiak, eta hori oso ondo ulertu dute Europan. Badakite proiektua eta horren erabileraren artean ezberdintzen.

Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz