Naiz.info
Bilbo

Hiru gizonezko atxilotu dituzte Bizkaian beren bikotekideak eraso dituztelakoan

Atxilotuak 54, 26 eta 29 urteko gizonezkoak dira eta bere bikotekideen aurka indarkeria matxista delituak leporatzen dizkie Ertzaintzak.

Lehenengo gertaera atzo arratsaldeko 14.00ak baino lehen gertatu zen Bilbon, erdiguneko etxebizitza batean. Biktimak salatu zuen bikotekide ohia jazartzen ari zitzaiola eta lehenagotik tratu txarrak jaso izan zituela.

26 urteko gaztea identifikatu eta atxilotu egin zuen Ertzaintzak, indarkeria matxista delitu bat egotzita.

Bigarren kasua arratsaldeko 18.30ean jazo zen, Bilboko eguneko zentro batean. Bertako arduradunak Polizia autonomikoari agertu zionez, emakume bat mehatxu deiak jasotzen ari zen etengabe bikotekidearen aldetik.

Biktimaren arabera, azken egunetan ugaritu egin ziren bikotekidearekin zituen eztabaidak, eta bultzakadak, heriotz mehatxuak eta isekak jasotzen zituela salatu zuen. 

Gertaeren aurrean, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, 54 urteko gizonezkoa.

Azken erasoa Santurtzin jazo zen, 20.00ak inguruan. Etxebizitza batean emakume bat jo zuen bere bikotekideak eta biktimak zauriak zituela baieztatu zuen Polizia autonomikoak. 29 urteko gaztea atzeman zuten erasoaren ustezko erantzule gisa.