Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Testu laburren sorta idatzi du Lertxundik, lau gaitan banatuta

Anjel Lertxundik testu laburren bilduma osatu du Alberdania argitaletxearentzat ‘Paper-festa’ liburuan. Editoreekin aurretik idatzitako ipuinak elkartzea hitzartuta bazuen ere, denak banaka gainbegiratzea lan neketsua iruditu zitzaion eta aurretik zuen ideia bati ekin zion bere bosgarren liburua idazteko.

Anjel Lertxundi, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Anjel Lertxundi, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Eskarmentuaren paperak’ liburuan agertzen diren gaiak beste ikuspuntu batetik jorratu ditu oraingoan, baina testu ia guztiak berriak dira, eta berriak ez direnak aldaketak jasan dituzte jada argitaratuta zeudenekin alderatuz guztiz desberdinak izan diren arte.

«Uste dut garrantzitsua idazle bakoitzaren begirada dela, zertan erreparatzen dion», aipatu du Lertxundik, eta ideia horri eutsiz ekin zion testu sorta hau idazterakoan. Hasieratik argi zuen nor nahi zuen alboan liburua ezagutzera ematerakoan, eta horregatik izan da Juan Kruz Igerabide idazlea gaur goizeko aurkezpenean.

Honek aipatu du gozamen bat izan dela berarentzat testuak irakurtzea, errealitatearen eta irudimenaren arteko jolas bat osatu duelako idazleak. «Anjelen liburuek atsegin literarioa ematen dute», aitortu du.

Liburua lau gaitan dago banatuta; historia eta gizartea aipatzen duena, gizakiaren jokabidea aztertzen duena, literatura eta artearena eta heriotzaren ingurukoa.