Naiz.info
Irun

Espetxe politikarekin bukatzeko pausoak eztabaidatu ditu Herrirak Nazio Bilgunean

Irungo Ficoba erakustazokan bildu dira Euskal Herri osotik heldutako kideak eta Herrira mugimenduaren erronkez hausnartu dute. Espetxe politikarekin bukatzea izango da eztabaida gaietako bat.

300 lagun batu dira Ficoban. (Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS)
300 lagun batu dira Ficoban. (Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS)

Herrira mugimenduak lehendabiziko Nazio Bilgunea egin du gaur goizean Irungo Ficoba erakustazokan. Euskal Herri osotik heldutako 300 bat lagunek parte hartu dute bilkuran eta aurrera begira mugimenduaren antolaketa eta funtzionamendua eztabaidatu dute.

Herrira mugimendua Euskal Herriko herri, hiri eta auzoetan lanean ari diren 200 bilgune baino gehiagok osatua dago eta gaurko bilkuraren xedea lehenbiziko urtearen balantzea egitea eta 2013. urterako helburuak eta plangintza finkatzea izan da.

Hain zuzen ere, 48 orrialdeko ponentzia eta  emendakinen inguruan eztabaidatu dute.

Fran Balda eta Ane Zelaiak azaldu dutenez, urtarrilaren 12ko manifestazioa «inflexio puntu bat» izan da eta espetxe politikarekin bukatu ahal izateko eztabaida bultzatzen eta adostasun berriak lortzen saiatuko direla esan dute.

Beraien iritiziz, «euskal gizarteak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen Bilboko kaleetan eta egoera berri baten aurrean aurkitzen garela esan dezakegu: argi dago gizartearen agindua zein den eta orain pausoak eman behar ditugu agindu horiek gauzatzeko eta eskubideen urraketarekin amaitzeko. Egin behar hori eragile politiko, sindikal eta sozialei dagokigu, baita instituzioei ere».

«Frogatuta geratu da mobilizazio sozialak agertoki berriak sortzen dituela. Eta mugimendu garen neurrian, giza eskubideen, erresoluzioaren eta bakearen alde ekarpenak eta konpromisoak biltzen jarraitu nahi dugu», esan dute.

Datorren asteartean, prentsaurreko bat emango Herrirak Bilgune Nazionalaren erabakien berri emateko. Datozen hilabeteetarako mobilizazio eta ekimenak ere iragarriko dituzte.