Naiz.info
Hendaia

Lasserrek estrategia komuna eraikitzeko deia egin du Hendaiako ikastolaren aferaren harira

Jean-Jacques Lasserren aburuz, Hendaiako ikastolaren kasuaren aurrean Ipar Euskal Herriko parlamentariak ezin dira axolagabe agertu eta bilera proposatu du hurrengo astelehenerako estrategia komuna erakitzeko.

Pirinio Atlantikoetako senatari eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko lehendakari Jean-Jacques Lasserrek ohar bidez adierazi du Hendaiako ikastolako aferaren aurrean Pirinio Atlantikoetako ordezkariek ezin dutela axolagabe jokatu.

Bere iritziz, heldu da momentua kolektibo ezberdinek eskatutako eskola berriari erantzuna emateko eta, bide horretan, ekinbide parlamentarioak jarri ditu ardatzean.

Hala, hurrengo astelehenean, hilak 11, Hautetsien Kontseiluko egoitzan bilerara deitu ditu Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta Seaskako arduradunak estrategia komun bat eraikitze aldera.

Hendaiako Gure Ikastola bigarren eraikin bat egitekoa zen baina Baionako suprefetak gutun bidez debekatu egin zion Hendaiako Herriko Etxeari proiektua diruz laguntzea.

Aferak haserrea eta ezinegona piztu du Ipar Euskal Herrian. Larunbatean manifestazioa deitu zuen Seaskak Hendaian, eta milaka lagunek eman zioten sostengua mobilizazioari.