NAIZ
BAIONA

Peio Ospital Lapurdi Irratitik kaleratu du Marc Aillet gotzainak

Peio Ospital Lapurdi Irrati kristautik kaleratu du Marc Aillet Baionako gotzainak. Kanporatzeak oihartzun handia izan du eta 70 lagun inguruk sostengua adierazi diote abeslariari.

Peio Ospital kantaria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Peio Ospital kantaria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Peio Ospital Lapurdi Irrati kristauko esataria eta kolaboratzailea izan da urte luzez. Joan den asteazkenean Alexandre Aguerre izan zen kantari eta esatariaren etxean, Olivier Drape Baionako elizbarrutiko informazio eta komunikazio arduradunak igorria. Lapurdi Irratian ez zela ongi etorria esan zion Ospitali, eta lokaleko giltzak bueltatzeko eskatu zion. Kantariak hala egin zuen, Kazeta.eus-ek azaldu duenez.

Ospitalek gutuna egin du publiko eta bertan esan duenez, Drape jaunak adierazi zion deabruan sinisten duela eta honen lana ikusten duela «ni bezalako pertsonen ekintzen bitarteaz».

Irratiaren lokalera hilabetean hainbat aldiz joaten dela azaldu du Ospitalek eta horregatik harridura agertu du bere kaleratzearen berri mezulari baten bidez jaso izanaz. Irratiko Administrazio Kontseiluko kide izanik, kanporatzearen arrazoien inguruko informazio gehiago izatea espero du kantariak.

Peio Ospitaleren eskutitzak Ipar Euskal Herriko kristau, laiko eta euskal kulturako eragileen artean oihartzun handia izan du eta abeslariari sostengua erakutsiz 70 bat lagunek telefonoz deitu edo mezuak bidali dizkiote.