NAIZ
DONOSTIA

Langabeziak behera egin du Euskal Herrian bigarren hiruhilekoan

Langabeziak behera egin du Euskal Herrian urteko bigarren hiruhilekoan, Gaindegiak emandako datuen arabera. 233.300 langabe zenbatu dituzte guztira. Gipuzkoan bakarrik hazi da langabezia, Araban, Bizkaian eta Nafarroan jaitsi egin da.

Lanbideren bulegoa Bilbon. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulegoa Bilbon. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herrian 233.300 langabe zeuden urteko bigarren hiruhilekoan, Gaindegiak zabaldu dituen datuen arabera. Lehen hiruhilekoarekin alderatuta, 15.700 langabe gutxiago zenbatu dira, INE estatistika institutu espainolak eskaintzen duen populazio aktiboaren inkestan oinarritutako datuei erreparatuz gero.

Langabezia tasari dagokionez, behera egin du eta %15,7koa da INEren arabera, aurreko hiruhilekoan baino 1,1 puntu baxuagoa.

Populazio aktiboaren inkestaren arabera, urteko bigarren hiruhilekoaren bukaeran 217.000 pertsona zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 15.700 gutxiago.

Langabezia tasarik altuena Arabak du, %16,77koa; Bizkaian zertxobait apalagoa da, %16,26koa; ondoren Nafarroa dago, %15,88ko langabezia tasarekin; eta azkenik Gipuzkoa, %15,61ekin.

Araban (-3.500), Bizkaian (-13.700) eta Nafarroan (-4.300) behera egin dute langabe kopuruak eta langabezia tasak; Gipuzkoan, ordea, igoera handia izan da. Aurreko hiruhilekoan baino 5.800 langabe gehiago daude herrialde horretan eta langabezia tasa %13,97tik %15,61era hazi da.

Gaindegiak INEren datuak aintzat hartuta nabarmendu duenez, Euskal Herriko langabezia tasa Europako Batasunekoa baino 5,3 puntu altuagoa da gaur egun.