NAIZ
BILBO

Auzitegi Nazional espainolaren epaia gogor gaitzetsi dute eragile politiko eta sindikalek

«Herriko tabernen» auzia delakoaren inguruan Auzitegi Nazional espainolak emandako epaiak EA, Alternatiba, Aralar, EAJ, ELA eta Ernairen kritikak jaso ditu.

Ohar baten bitartez, 20 pertsona zigortu eta 111 «herriko taberna» konfiskatzeko agindua eman duen epai «bidegabearen aurrean bere erabateko kontrakotasuna» adierazi du Aralarrek.

Jardin sozial eta politikoa zigortzen dela salatzeaz gain, Aralarrek dei egin du «antiterrorista bezala ezagutzen diren legeak eta jurisprudentziak indargabetzeko» eta eskubide zibil eta politiko guztiak berrezartzeko.

Eusko Alkartasunaren iritziz, epaiak adierazten du «Estatu espainiarrak ez duela onartzen Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela».

Alternatibak ere epaiaren aurkako oharra kaleratu du, «bakearen eta normalizazio politikoaren aurkako enegarren erasoa» dela argudiatuta.

EAJren ustez, Auzitegi Nazionalak emandakoa «iraganeko» epaia da, salbuespenean eutsia eta «dena ETA da» argumentu-oinarrian sostengatzen delako. «Inoiz partekatu ez ditugun irizpideak hauek guztiak», gaineratu dute.

ELAk, bere aldetik, lotsagarritzat jo du sententzia, «kutsu politiko nabarmena» duena.

Ernai gazte antolakundearen aburuz, epaia «zinez larria» da, «konponbidearen kontrako atzera pausu nabarmena» izanik.

«Funtsik gabeko» sententziaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute.