@GARA_rpascual
BILBO
Interview
Helena Bengoetxea
«Agenda Setting» dokumentalaren egilea

«Kasu honetan, neutrala izateak Israelen alde jartzea dakar»

Palestinara egindako bigarren bisitan, bertako egoerari buruzko tratamendu informatiboa eta bertako kazetariek lan egiteko baldintzen inguruko dokumentala egin zuen taldea zuzendu zuen Helena Bengoetxea kazetari eta Eguzki Bideoak kolektiboko kideak. Han bizitakoen inguruko hausnarketa eta bizipenak kontatu dizkigu.

Nondik sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Bakea eta Duintasuna Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Biladi Elkarteak dira proiektu honen bultzatzaileak, egia esan. Palestinaren aldeko lan izugarria egiten ari dira aspalditik, eta 2010. urtean Palestina eta Israelen arteko gatazkaren tratamendu informatiboari buruzko proiektua egitea proposatu zidaten, momentu horretan horrelako analisirik ez baitzuten: okupazioaren ondorioak, tirabira politikoak, gertakizun historikoak eta abarrekoak dira hainbat dokumentaleetan ikus ditzakegunak, baina mendebaldeko komunikabide handietan emandako guda ideologikoari buruzkoak, berriz, oso gutxi.

Beraz, bi erakunde haientzako premiazkoa zen hori zabaltzea: komunikabideetan erakusten diguten Palestinako irudia eta, batez ere, horren ondorioak.

Horren aurrean, ikuspuntu zabalago bat ematea proposatu nien, hemengo komunikabideetan ateratako irudiaz gain, kazetari palestinarren iritzia eta egunerokotasuna ere erakutsi behar genukeela esanez.

Nire ustez, hango ikuspuntuaren atzean dauden kutsu kultural eta politikoak ezagutzea funtsezkoa da Palestinako «egia» ulertzeko eta hemengo ohitura sasi-informatiboak edo maltzurkeriak ulertzeko. Kristoren kontraesanak sortzen dira, gainera. Entrepresa mediatikoen atzean dagoen botere eta kalkulu ekonomikoez aparte, mendebaldeko kazetariok dugun ardura ere hor dago. Azken finean –eta mendebaldeko jende guztia bezalaxe– gure gizarteko ondorio bat besterik ez gara, eta horren emaitzak izugarriak dira kazetaritzan; oso kontziente izan behar dugu lan zintzoa egin nahi badugu.

Egia esan, gure dokumentalan agertzen diren kazetaritzaren inguruko kritika eta ohitura txarrak berdin-berdin sortzen dira edozein gai informatibo jorratzerakoan: Palestinakoa, Siriakoa, Venezuelakoa, Ukrainakoa edo hemen Euskal Herrian gertatutakoa. Hortaz doa filma, azken finean.

Zein izan zen Palestinan lan egiteko orduan izan zenuten sentsazioa?
2011. urtean izan ginen Palestinan grabazioak egiten, bigarren aldiz niretzat. Duela urte dexente izan nintzen Palestinan, Komite Internazionalistak taldeak osatutako lehendabiziko brigadan, 1993ko udan. Pensatzekoa da erabat aldaturik aurkituko nuela, baina okerrena ez zen aldaketa fisikoa (harresia, check-point erraldoiak..), sikologikoa baizik.

Duela 20 urte Osloko akordioak sinatu zutenetik hona, gu brigadatik bueltatu eta aste bat beranduago hain zuzen ere, Aginte Palestinarra etorri zen, lurralde okupatuen sailkapena, kanpotik etorritako diru-laguntza...

Alde batetik, ongi dago baina, bestetik, horrekin batera etorritakoa penagarria da: klase berriak sortzen ari dira, gobernuko administrazioan edota GKE atzerritarren bulegoetan lan egiten duten dirudunenak, hain zuzen. Bitartean, Palestinako hainbat tokitan egoera gero eta larriagoan bizi dira.

Beste adibide bat: Jerusalemeko alde palestinarrean gero eta soldadu gutxiago dago, kontrolerako hamaika kamera dagoelako. Gaur egungo okupazioa ez da hain nabarmena (zorrotza bada ere) eta hori askoz txarragoa da, nire ustez. Bitartean, inoiz baino asentamendu gehiago dago Zisjordanian eta ditxosozko akordioak bertan bera utzi zuten. Orain dela 20 urte brigadakoek esan genuen horrelako baldintzetan ez zutela ezertarako balio eta, tamalez, denborak arrazoia eman digu.

Zailtasunik izan al zenuten lana aurrera ateratzeko orduan?
Hasieran, lantalde teknikoa eta protagonistak lortzea izan zen zailtasun gogorrena,  ez baikenuen kate mediatikorik atzean. Beraz, kazetari bezala sartzea ezinezkoa zen, eta horregatik den-dena Bilbotik lotu beharra izan zen gero Palestinan bertan lan egiteko: kamerak, hango kazetariak, teknikoak...

Hara iritsi ginenean ere ez genekien oraindik zein kazetari palestinarrekin egon behar genuen, baina azkenean dena primeran atera zen. Ma'an telebistakoekin harremanetan jarri eta berehala onartu zuten proposamena, eta gainera, hango kazetari elkartearekin lortutako ekipo teknikoa... Ma'an TVkoa ziren!

Gaiaren ikuspuntua ulertzeaz gain, ekipo teknikoa primerakoa zen. Esan behar da ere hango kazetari gehienak oso ohitutak daudela nazioarteko kateentzako lana egitera, hori abantaila nabarmena zen.

Egia esan, hasierako zailtasunak desagertu eta abantailak besterik ez zitzaikigun etorri. Zisjordaniako kazetariak soilik agertu behar ziren dokumentalean, hasieran hala zirudien behintzat, baina gero Mohammad Rujailah eta Alberto Arce –«To shot an Elephant» dokumentalaren egileak– ezagutu genituen, kasualitatez, eta horrela lortu genituen Gazako irudiak (Albertok grabazio guztiak pasatu zizkidan nik nahi nuen modura erabiltzeko), eta Mohammadekin izan ginen Bartzelonan elkarrizketak egiten, eta azkenean protagonista ere bihurtu zen. Guzti hori oso inportantea izan zen, bestela kazetari palestinarren irudia bete gabekoa izango litzatekeelako.

Zerk harritu zintuzten gehien?
Palestinako jendearen jarrera, dudarik gabe. Gero eta korapiltsuagoko egoera honetan argi eta garbi ikusten dute zer egin behar den. Haiek esaten duten bezala, «existitzea eustea da». Ideia xinple hori oso gogorra da ongi pensatzen baduzu.

Ez dakit izan nahi hori eta itxaropen konzeptua parekatzen duten ala ez, baina setimendu hori oso barneraturik dago eta beraien egunerokotasunean berehala ikusten da.

Aste hauetan Gazaren aurkako erasoa daukagu ia etengabe komunikabideetan. Zein modutan ikusten da Palestina, eta batez ere Gazako sarraskia, Mendebaldeko medioetan?
Izugarria da gertatzen ari dena baina, tamalez eta salbuespenak salbuespen, Mendebaldeko komunikabideetan berdin jokatzen jarraitzen dute. Sare sozialeetan, berriz, argazki eta bideo franko daude –batzuk gogorregiak guretzako, seguraski– Gazako biztanleria benetan pairatzen ari denaren berri ematen dutenak.

Han denetarik dago: kazetari asko (2008ko erasoan gertatu ez zena) baina baina mediku edota jende arrunt ugari –gazteak bereziki–, izugarrizko testigantzak publiko egiten. Hala ere, komunikabide gehienetan ez ditugu halakoak ikusten, edo, hobeki esanda, mendebaldeko alde politikoa besterik ez da ikusten. Horrekin batera, jakina, ekidistanzia eta egia parekaturik, baina kasu honetan neutrala izateak Israelen alde jartzea suposatzen du, besterik ez. Ez dakit nola definitu hori baina kazetaritza ez da, hori oso garbi dut.