Gotzon Aranburu

Zumalakarregi Museoa, jeneral karlista famatuaz haratago

Zumalakarregi aitzindari independentista gisara ezagutzeko Ormaiztegira joan behar da, baina bertako museoan askoz gehiago ikas daiteke XIX. mendeko Euskal Herriaz. Eta baita gaur egungoaz ere. Museoak 25 urte bete zituenean, bertan izan ginen eta honako erreportaje hau idatzi bisita ondoren.

‘Twelvemonth´s campaign with Zumalacarregui’ liburuaren irudia.
‘Twelvemonth´s campaign with Zumalacarregui’ liburuaren irudia.

Legio Britainiarreko Alexander Sommersville ofizialak idatzi zuen, Tomas Zumakalarregiri buruz: «Ia erabakita zeukan Nafarroako koroa onartzea, herria hori emateko prest baitzegoen, baita lau probintziak Espainiatik banandu ostean gobernatzea ere, Tomas I, Nafarroako Errege eta Bizkaiko Jaun izendatuta».

Bai, interneten dena dago, edo ia dena, baina armak, uniformeak, mapak, liburuak, grabatuak, jostailuak… bertatik bertara ikustea bezalakorik ez dago. Are gehiago Ormaiztegiko Iriarte-Erdikoa bezalako etxe eder batean jarrita badaude. Etxe honetan bizi izan zen jeneral karlista famatua, eta hementxe ireki zuten 1989an Zumalakarregi Museoa. Hasiera batean buruzagi militarrari zegoen ia osorik eskainia, baina denborarekin eremu zabalagoa hartu du eta gaur egun XIX. mendeko Euskal Herriaren berri izateko erreferentziazko zentro bihurtu da.

Mikel Alberdi historialaria da eta etxe honetako pieza guztiak buruan «artxibatuta» dauzkala esan daiteke. Fusil bat edo koadro bat non dagoen jakitea ez da zaila, baina liburutegiko milaka aleren artean ere suelto dabil, irudi eta esaldi jakin bat zer liburutan dagoen gogoratzeraino.

Tenperatura eta hezetasun egokiko gela

Ikertzaileei eskainitako gelako mahaian ‘Movements of the British Army during the war, from 1808 to 1814’ liburu erraldoia ireki du. Londresen erosi zuen Gipuzkoako Aldundiak duela hogei urte baino gehiago, eta xehetasun handiz azaltzen ditu Espainiako Independentzia Gerran tropa britainiarrek egindako mugimenduak. Grabatuak ere izugarri onak dira, eta altxor honen orrialdeak kontu handiz pasatzen ditu Alberdik, guk ondo dastatu ditzagun. Horrelako pieza gehiago ere badaude museoan, tenperatura eta hezetasun egokiko gela batean gordeta.

Eskoletako ikasleak, ikerlariak, turistak, euskaltegiak, bisitari arruntak… denetarik izaten da Zumalakarregi museoan. Gipuzkoako barnealdean egonik, hona datorrena interesatua dagoelako dator, ez ustekabean topo egin duelako edo hoteleko harreran foileto baten ikusi duelako. Katalanak dira, kanpotarren artean, zaleenak, baina madrildarrak ere azaltzen dira. Horietako askok badute karlismoaren berri, baina ikasleek normalean ez, edo gutxi antzean, eta gela hauetan aurkitzen duten informazio zabala nekez jasoko dute eskolan, ez behintzat hain era erakargarrian. Ikastetxeak horretaz jabetuta daude, eta bada hogei urtez etenik gabe ikasleak ekartzen dituenik.

Oraingo hauek ez dira garai onenak erosketak egiteko, baina murrizketak iritsi aurretik Zumalakarregiko bildumak osatzen joan dira eta bisitariak pieza bitxi askoak topatuko ditu Iriarte Erdikoan. Horien artean, jeneralak erabiltzen zuen largabista. Hiruzpalau kataloxa badira Estatu espainiarreko museotan ‘Zumalakarregiren largabista’ etiketa daramatenak, baina Ormaiztegiko hau da benetan militarrak erabili zuena, hori azaltzen duen dokumentazioa aurkitu baitute bertako arduradunek: ofizial ingeles batek berea oparitu ziola deskubritu dute, eta ofizialaren izena grabatuta daraman fundan sartuta dago Ormaiztegiko kataloxa.

Ikerketa ere ez du albo batera utzi museoak, eta lan horrek emaitza azpimarragarriak eman ditu. Esaterako, historiak albora lagatako hainbat protagonista berreskuratu ditu, Tomas Zumalakarregiren anaia Miguel Antonio adibidez. Miguel Antonio euskal liberalen buruzagi nagusienetarikoa zen, Tomasen etsai politikoa beraz, eta anaia gaztea baino askoz ezagunago zen bere garaian. Ondoren, ordea, erabat desagertu zen historia liburuetatik, eta hala egon da Ormaiztegiko museoaren ikerketek berriro argitara atera duten arte.

Bi mende atzera egungoa ulertzeko

XXI. mendeko Euskal Herria ulertzeko bi mende atzera egin beharra dagoela garbi dauka Mikel Alberdik. Are gehiago, egungo gatazka politikoaren sorburua –baita Kataluniakoa ere– garai haietan dagoela dio. Esandakoa defendatzeko argumentuak hitzetik hortzera datozkio; esaterako, foruen galera Euskal Herrian eta Katalunian mende bateko diferentziarekin gertatu izanak bi nazio hauek gaur fase politiko ezberdinak bizi izatea azaltzen du. «Gu nolabait ere ‘ase’ gintuzten foruen azken arrastoekin, eta kataluniarrak batere gabe utzi zituzten. Beharbada horregatik daude orain gu baino aurrerago independentziaren aldeko bidean» dio. Bada bisitariak foruen bilakaera ulertzeko, lege haiei eskainitako gela topatuko du Zumalakarregi museoan.

Museoen arteko elkarlana gero eta ohikoagoa da, eta Zumalakarregi ez da salbuespena. Hemengo funtsetatik irtendako materialeak Baionako Euskal Museoan erakutsi dira, baita Bilboko Euskal Museoan –aurten bertan– eta Donostian ere. Italiaraino ere iritsi dira, Bolognako Museo Civico del Risorgimento izenekoarekin lankidetzan. Egunotan Ondarroako Unanue elkartearekin ari dira elkarlanean, justu duela 200 urte jaiotako Pedro Mari Unanue abeslariari buruzko erakusketa bat prestatzeko herri bizkaitarrean.

Aipatu ditugu lehenago ere egungo krisi ekonomikoak eragina badaukala Zumalakarregi museoan. Esaterako, erakusketa tenporal gutxiago prestatzen dira eta astean egun bat gutxiago irekitzen ditu ateak, baina alderdi positiboa ere badauka egoera honek, interneterako jauzia indar handiagorekin egitera behartu baitu museoa. Erakusketa birtualak gehiago dira orain, eta Ormaiztegiraino gerturatzerik ez daukanak webgunean dastatu ahal izango ditu bertako bitxiak eta ikerketen emaitzak.