NAIZ

Albert Reynolds hil da, Irlandako lehen ministro ohia eta euskal konponbidean engaiatua

81 urte beteta hil da Albert Reynolds Irlandako lehen ministro izandakoa. Azken hamarkadan euskal gatazkaren konponbidean modu iraunkorrean esku hartu du. Besteak beste, ziklo berriaren irekieran lagundu zuen Bruselasko Adierazpenaren sinatzaileetako bat izan zen. Aurrez, Lakuako gobernuaren aholkulari lanetan aritu zen.

Reynolds Ibarretxerekin Ajuria Enean, 2007ko otsailean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Reynolds Ibarretxerekin Ajuria Enean, 2007ko otsailean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean hil da Albert Reynolds 81 urterekin, Irlandaren iparraldeko baketze prozesuan garrantzia handia izan zuen Fianna Fáil alderdiko kidea. Horren adierazle, dolumina agertzen lehenbizikoetako Martin McGuinnes Irlanda iparraldeko lehen ministroa izan dela:

Euskal Herrian ere baketze prozesuan esku hartze garrantzitsua eta iraunkorra izan du Reynoldsek. Besteak beste, egungo garai berriaren irekiera bultzatu zuen Bruselasko Adierazpenaren sinatzaileetako bat izan zen 2010eko martxoan.

Aurrez ere euskal gatazkaren konponbiderako bere ezagutza eskaini zuen. 2007an bisita egin zuen Euskal Herrira bertako alderdi politikoekin biltzeko. Azken negoziazio prozesua kinka larrian zen, eta prozesu harri azken bultzada emateko lanean Juan Jose Ibarretxe orduko lehendakariarekin eta Batasunarekin bildu zen, besteak beste. 2002an Elkarrik antolatutako bake konferentzian ere parte hartu zuen.

Euskal Herrian Pernando Barrenak, egun Sortuko bozeramailea, esker on mezua zabaldu du sarean, bere aholkuengatik eskerrak emanez:

1992ko otsailetik 1994ko abendua bitartean izan zen Irlandaren hegoaldeko lehen ministro. Bere alderdiak webgunean jasotzen duenez «zalantzarik gabe bere lorpen handiena Ipar Irlandan eta irlandar eta ingelesen arteko harremanetan lortu zuen, Downing Streeteko Adierazpena sinatuz 1993an». Bere ahotan ere jarri du Fianna Fáilek honako adierazpena: «Albert Reynoldsek funtsezko galdera eginz uen, ‘nork dio beldur bakeari?’.