NAIZ
Iruñea

UPNri kargu hartu dio EH Bilduk ‘Hello’ eta PAI programen ezarpenagatik

‘Programa de Aprendizaje en Ingles’ (PAI) deritzon planaren ezarpena «benetako iruzurra» izan dela dio EH Bilduk eta Iribas sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean. Iruñeko haur hezkuntzan ezarritako ‘Hello’ eskaintzaz ez dela egiz elebiduna salatu du eta UPN bigarren hizkuntza baten irakaskuntzarako eredu bila badabil, euskarazko murgiltze sisteman bila dezala galdegin dio.

2011ko protesta bat Iruñean haur eskolen euskarazko eskaintza zabalagoa eskatuz. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
2011ko protesta bat Iruñean haur eskolen euskarazko eskaintza zabalagoa eskatuz. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

UPNren gobernuak urtez urte ingelesaren ezarpena bultzatzeko programa eta eredu ezberdinak bultzatzen ari da eta EH Bilduk azken bi kasuren «iruzurra» salatu du bi oharretan. Lehena, PAI (Programa de Aprendizaje en Ingles) deritzon planari dagokio. 2012an iragarri zuen Jose Iribas Hezkuntza sailburuak programa berri honen ezarpena, ingelesaren irakaskuntza du xede. EH Bilduren arabera «iruzurra» izan da ezarpen hori eta Iribasen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean.

Koalizio abertzalearen ustez PAI programaren ezarpena «porrota» izan da eta talde bultzatzailearen dimisioa ekarri du. Hasieratik kexa ugari izan direla adierazi du EH Bilduk eta Iribasek ez dituela kontuan hartu irakasleen eskaerak eta hezkuntza komunitatearenak. «Iribasek proiektu izar moduan saltzen duen hau porrota baino ez da izan», koalizioaren ustez. Iribasez gain Legebiltzarrera deitu dituzte Hezkuntzako Langile Batzordearen ordezkariak ere, ezarpena balora dezaten eta euren proposamenak azal ditzaten.

Ez da EH Bilduk salatu duen «iruzur» bakarra. Iruñeko taldeak ‘Hello’ eskolen ezarpenean ere informazio okerra ematea egotzi dio UPNri. Eskola hauetan ingelesa eta gaztelera modu bateratuan eskaintzen da, eskaintza elebidun gisa. EH Bilduren ustez, ordea, ez da egia, ekimen gutxi batzuk eskaintzen direlako ingelesez eta langileei eskatzen zaien hizkuntza maila (B1) ez delako nahikoa.

Euskararen murgiltze sistema eredu

Bigarren hizkuntza bat eraginkortasunez menperatzea garrantzitsua dela uste du EH Bilduk, eta horretan eredu murgiltze eredua dela. Iruñeko euskarazko bi haur eskola publikoen eskaintza ekarri du gogora koalizioak. Jendarteari gezurrik ez esateko eskatu dio EH Bilduk eta ohar berean gogoratu du Iruñeko haur hezkuntzan eskaintza txikiegia dela dagoen eskarirako.