NAIZ
BILBO

Iritzi artikulu bat idazteagatik espetxeratuak izateko arriskuan daude lau bilbotar

2012an prentsan iritzi artikulu bat argitaratzeagatik Bilboko Alde Zaharreko sei lagun auzipetu dituzte eta horietako lau espetxeratuak izateko arriskuan daude. Ostiralean haien aldeko manifestazioa egingo dute, Etxebarrieta plazatik abiatuta.

Iritzi artikulu batengatik espetxera joan daitezkeen lagunen kasua salatzeko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Iritzi artikulu batengatik espetxera joan daitezkeen lagunen kasua salatzeko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Duela bi urte, Maite Perez auzokidearen heriotzaren 25. urteurrenean iritzi artikulu bat argitaratu zuten Bilboko Alde Zaharreko sei lagunek.

Idatzi hartan «terrorismoa goratzea» egotzita bost lagun epaitu zituzten, iragan otsailean, eta urtebeteko espetxe zigorra jaso zuten Auzitegi Nazional espainolean. Gorenak ez du helegitea tramitera onartu eta, beraz, horietako lau espetxeratuak izateko arriskuan daudela salatu dute Bilbon eginiko prentsaurreko batean.

Beste lagun bati, 7.300 euroko isuna ezarri diote eta seigarren bat Adin Txikikoen Auzitegi batean epaiketa zain dago.

Iñaki Soto GARAko zuzendaria ere inputatu zuten egunkari honetan eta beste hedabide batzuetan ere argitaratu zen artikulu honen harira, baina akusazioa erretiratu egin zuten gero.

Hamarka herritarrek babesa adierazi diete agerraldian, eta zigorra jaso dutenen lagunek, abokatuarekin batera, beren egoeraren berri eman dute.

Gogoratu dutenez, artikulua idazteko helburua «guk ezagutu ez genuen baina gure auzoan oso maitatua den Maite gogoratzea izan zen». «Inoren aurka eta askoren alde idatzitako hitzak», esan dute.

«XX. mendeko diktadura faxistetan bezala», hitza kriminalizatu egiten dela salatu dute, eta kasu honetan, «hitzak kartzelara garamatza».

Ildo horretan, gogor kritikatu dute «kontakizun bat eta bakarra» inposatzeko saiakera: «Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren kontakizunak hitzez, kantuz, idatziz, txiokatuz... eraikitzen joateko eskubidea ezabatu nahi digute».

«Gurea, egian oinarritutako kontakizuna da eta zilegitasun osoz zabaltzeko eskubidea dugu», aldarrikatud ute.

Jasotako babesa eskertu eta ostiralean, 19.00etan, Etxebarrietatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.