Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Denzel Washington aktorea Donostian da

Denzel Washington eguerdian iritsi da Donostiara. Ia ordubeteko atzerapenarekin etorri da baina Maria Cristina hoteleko atarian zain zituen dozenaka zaleak gustura utzi ditu, ordu laurden eman baitu autografoak sinatu eta argazkiak egiten. Hasi da zinemaren festa Donostian.

Denzel Washingtonek gustura utzi ditu Maria Cristina aurrean zain zituen zaleak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Denzel Washingtonek gustura utzi ditu Maria Cristina aurrean zain zituen zaleak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aurtengo lehenengo Donostia Saria, Denzel Washington, hirian da. Irribarretsu eta zaleekin adeitsu agertu da. Berlinen eta Erroman bere lan berria aurkeztu ondoren iritsi da gurera.

Gauean ospatuko den inaugurazio ekitaldian jasoko du Donostia Saria Washingtonek. Antoine Fuquak emango dio. Zuzendaria eta aktorea, biak etorri dira Donostiara ‘The Equalizer’ filma aurkeztera.

Egunean zehar ere aktorea izan da protagonista nagusia. Bere azken lanarekin eman zaio hasiera aurtengo Zinemaldiari. Goizean Kursaalean eskaini da eta egunotan ohikoa bihurtuko den irudia, ilara luzeena, ikusi da. Arratsaldean hedabideen aurrean agerraldia egingo du aktore estatubatuarrak.

Goizeko emanaldian ikusleek txaloz hartu dute kritikarien artean aldeko eta kontrako iritziak jaso dituen lana. Txaloz hartu dituzte errusiar mafia deusezteko pantaila handian aktoreak egin dituen ahalegin ikusgarriak.