naiz
donostia

‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoko epaiketa egin ala ez aztertuko du gaur Donostiako Auzitegiak

Gipuzkoako Auzitegiak gaur aztertuko du ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzearen aurka fiskalak jarritako helegitea. Epaiketa egin ala ez erabaki beharko du.

‘Egunkaria’ko langile ohiak, itxieraren 10. urteurreneko ekitaldian. (INFOZAZPI)
‘Egunkaria’ko langile ohiak, itxieraren 10. urteurreneko ekitaldian. (INFOZAZPI)

Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen pasa den ekainaren 4an, zortzi auzipetuei leporatzen zitzaizkien ustezko delituak preskribatuta zeudelakoan.

Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. Sekzioari dagokio helegitea aztertzea eta gaur bilduko da horretarako. Saioa itxia izango da eta litekeena da erabakia gaur bertan ezagutaraztea.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak— dira auzi ekonomikoan auzipetuta daudenak.

Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatzen zituen fiskalak zortzientzat, auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: ‘Egunkaria’ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.