NAIZ

Aske Gunea sortu dute Loiolan 28 gazte auzipetuek

Auzipetutako gazte batzuk ez dira astelehenean Madrilen hasiko den epaiketara aurkeztuko eta Loiolan herri harresia sortuko dutela iragarri dute. Epaiketa politikoa dela salatu eta gatazkaren konponbidearen aldeko aldarria egin dute.

Ehunka herritar batu dira Loiolan gazteei babesa agertzeko. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Ehunka herritar batu dira Loiolan gazteei babesa agertzeko. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Auzipetutako 28 gazte independentistek agerraldia egin dute eguerdian Loiolan. «Libre» leloa daramaten kamiseta laranjak soinean ehunka lagunen babesa jaso dute gazteek eta beraien kontrako epaiketa politikoa dela salatu dute.

Azaldu dutenez, torturapean lortutako deklarazio polizialetan oinarrituta dago auzia eta gatazkaren konponbidean aurrera egiteko aukera bat bezala ikusten dutela epaiketa esan dute.

Ildo horretan, konponbidea ez dagoela «gerra iraunarazi nahi duenaren erabakien menpe» nabarmendu dute eta herri aktibazioaren aldeko aldarria egin dute.

«28 kide, 28 era desobeditzeko» daudela azpimarratu ondoren, auzipetuetako gazte batzuk ez direla astelehenean Madrilen hasiko den epaiketara aurkeztuko adierazi dute. Loiolan Aske Gunea sortzeko hautua egin dute eta dagoeneko lehen asanblada burutu dute.

Irati Tobar auzipetuak hartu du hitza eta herri harresia eraikitzeko deia egin du.