NAIZ
GASTEIZ

Mobilizazioekin jarraituko dute Osakidetzako sindikatuek

Mahai sektorialaren bileraren ondotik, Osakidetzako sindikatuek jakinarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela, zuzendaritzak proposatutako Enplegu Publikoko Eskaintzak (EPE) batasun sindikalaren aldarrikapenei erantzuten ez diela iritzita. 

Osakidetzako mahai sektorialeko bileraren harira, sindikatuek protesta egin dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Osakidetzako mahai sektorialeko bileraren harira, sindikatuek protesta egin dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak eta sindikatuek ia bi ordu eta erdiko bilera egin dute Gasteizen, Osakidetzako mahai sektorialean. Hitzordua aurrerapenik gabe bukatu da, Osasun Sailak eginiko eskaintza «ez nahikoa» dela adierazi dutelako sindikatuek.

Bileran izan den «zehaztapen bakarra», sindikatuen esanetan, bi EPE prozesurena izan da, barne promoziorako 474 plaza eta deialdi librerako beste 474 ekarriko lituzketenak. «Enplegu sorrerari buruz, ordezkapen irizpideei buruz, lan-kargei buruz, jardunaldiari buruz ala garapen profesionalean ez da inolako aurrerapenik izan», adierazi du ELAk ohar bidez.

Lakuako arduradunen eskaintza, LABen ustez, «hauteskunde propaganda hutsa» izan da, «enplegu suntsiketa ezkutatzen» duelako.

Hori dela-eta, batasun sindikalak «irmotasunez» adierazi du mobilizazioen egutegiari eutsi egingo diola.