naiz
bilbo

Cecilia Rothek jasoko du Zinebiko Ohorezko Mikeldi Saria

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Jaialdiak Cecilia Roth antzezle argentinarrari emango dio 56. edizioko Ohorezko Mikeldi Saria, interpretatzeko orduan erakutsi duen «askatasunaren eta heldutasunaren aintzatespen gisa». Saria azaroaren 14an jasoko du.

Cecilia Roth (ezkerrean), 2008an Donostiako Zinemaldian ‘El nido vacío’ filma aurkeztu zuenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Cecilia Roth (ezkerrean), 2008an Donostiako Zinemaldian ‘El nido vacío’ filma aurkeztu zuenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Antolakuntzak jakinarazi duenez, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan «intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsiz», Cecilia Rothek bere garaiko emakumeak azaleratu ditu egin duen film bakoitzean, «milioika ikus-entzuleren zine imajinarioaren parte bilakatu diren izaera indartsuko emakumeak, hain zuzen ere».

Adolfo Aristarainen ‘Martín Hache’ da horren guztiaren adibideetako bat, Zinebik azaroaren 16an arratsaldeko 20.00etan Guggenheim Museoaren auditoriumean eskainiko duen filma. Lan horri esker, Cecilia Rothek Emakume Antzezle Onenaren Goya Saria jaso zuen 1998an, eta New Yorkeko Ikuskizunen Kronisten Elkartearena (ACE) 1997an.

Bere ibilbidean zehar beste sari batzuk ere jaso ditu, besteak beste, Emakume Antzezle Onenaren Goya Saria ‘Todo sobre mi madre’ lanari esker 1999an, eta Emakume Antzezle Onenaren Zilarrezko Fotogramas eta Zineko Sant Jordi Sariak lan berberagatik.