NAIZ

Korrika 19 Urepele eta Bilbo arteko «ahalmen metaketa» izango da

Martxoaren 19tik 29ra bitartean Urepele eta Bilbo artean joango da Korrikaren 19. edizioa. «Euskahaldun!» oihua izango du mezu eta «ahalmen metaketa» izatea helburu. Euskal Herria Euskararen Herria izan dadin norberaren ahalak sendotzeko deia dakar AEKk aurten, dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahalegina. Aurtengo omendua Durangoko Azoka izango da.

Kolorez lepo eta euskaldunari «ahaldundu!» deia eginez dator Korrikaren 19. edizioa. Urepele eta Bilbo lotuko ditu «euskahaldun!» leloarekin. Bilbon eta Baionan egindako aurkezpenean herritarraren ahalen inguruan eraikitako mezua hedatu dute aurtengoan parte hartzeko deia egitean.

Azken edizioko Amets Arzallusen mezua gogora ekarriz, «herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen», Euskal Herria euskalduntzeko «norberaren eta taldearen ahalmenean» sinesteko beharra azpimarratu du AEK-k Korrikaren aurkezpenean, «erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz», adierazi dute. Euskaraz biziko den herria «guztion artean, auzolanean eta elkarlanean» lortu ahal dugula nabarmen dute; «dakineak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala» eginez. Denen elkarlanaren beharra ere azpimarratu dute, norbanakoena eta erakundeena, euskaltegiena, hedabideena eta euskalgintzarena oro har.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak esan duenez, «19. Korrikaren ordua iritsi da» eta «egun berezia» da «AEKren familia osazten dugunontzat». Mugikak gogoan izan du ikasturte berriarekin batera milaka lagun ari direla euskalduntzen euskaltegietan, baina geletan egiten den lanez gain «euskararen aldeko herri gogoa sustatzea eta elikatzea» beharrezkoa dela nabarmendu du. Esan duenez,  horretarako jaio zen Korrika, «euskararen aldeko ilusioak pizteko, indarrak batzeko eta lagunartean gozatzeko».

Asier Amondo Korrika arduradunak zehaztapen batzuk eman ditu 10 gau eta 11 egunetan milaka lagun errepideetan korrika jarriko dituen ekimenaz. Leloari dagokionez, «euskahaldun» hitzarekin euskararen alde jarduteko ahalmena praktikan ipintzen duena adierazi nahi dela azaldu du, eta Korrikak ahalmen horiek batzeko deia izan nahi duela zehaztu du.

Durangoko Azokari omen

Omendua izango den Durangoko Azokaren garrantzia nabarmendu du. Esan duenez, egin duen 50 urteko ibilbidea saritu nahi da eta «euskaraz egindako kulturaren erakuslehio garrantzitsuena» aitortu.

Korrikaren edizio berriaren informazio berritua sareetan egongo dela iragarri du, eta abenduaren 3tik aurrera Korrikaren web orriak .eus domeinua hartuko duela aurreratu du.