NAIZ
BILBO

Iparragirre Alcalako espetxeko erizaindegian ingresatu dute

Larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoa Alcala Mecoko espetxeko erizaindegian ingresatuta dago, jasotako jipoiaren ondotik, Etxeratek jakinarazi duenez. Larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan (17.30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta) parte hartzeko deia egin dute ondarroarraren senide eta lagunek.

Etxeratek jakinarazi duenez, Ibon Iparragirre Alcala Meco espetxeko erizaindegian dago, atzo jasandako erasoaren ondotik. Oraingoz ez du datu gehiago zabaldu baina ohartarazi duenez, ondarroarraren osasun egoerak «argi uzten du kalean behar duela egon, larriki eri dagoelako, kalean egoteko eskubide osoa duelako».

Etxeratek bat egin du larunbatean Bilbon deitu den manifestazioarekin. «Giza eskubideak errespetatu. Gaixo diren presoak etxean eta bizirik» lelopean, arratsaldeko 17.30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik eta deia Iparragirreren senide eta lagunek egin dute. Etxeratek bat egin du mobilizazioarekin.

Ohar bidez gogoratu dutenez, telefono bidez eta «oso urduri» eman zuen Iparragirren jasotako jipoiaren berri. Preso sozial batek zigarro bat eskatu ziola eta Iparragirrek ezezkoa eman ondotik etorri zela erasoa azaldu dute.

Ondarroarrak hiesa dauka eta horrek beste gaitz batzuk eragin dizkio, hala nola, epilepsia, ikusmen galera eta bestelako desoreka batzuk.

Gainera, dagoen moduluan beste euskal presorik ez dagoela nabarmendu dute. «Navalcarneron gaizki baldin bazegoen, Alcala Mecon are eta okerrago», salatu dute.

«Ibon hiltzen ari dira. Non daude giza eskubideak? Non daude beste kasu batzuetan hain sutsuki giza eskubideak defendatzen dituzten horiek», galdetu dute Iparragirreren senideek, eta manifestazioan parte hartzeko deia egin.