NAIZ
BAIONA

Jendarmeek lau gazte atxilotu dituzte Ipar Euskal Herrian

Lau gazte atxilotu dituzte jendarmeek Ipar Euskal Herrian gaur goizaldean eta Pauera eraman dituzte. Haitz Agirrebarrena eta Teo Salamon Baionan, Jean François Magis Itsasun, Alex Feldman Arrosan. Arratsaldean elkarretaratzeak burutu dira hainbat herritan.

Paueko jendarmeek lau gazte atxilotu dituzte Ipar Euskal Herrian: Jean François Magis Itsasun, Haitz Agirrebarrena eta Teo Salomon Baionan eta Alex Feldman Arrosan.

Lauren etxeak miatu dituzte poliziek eta Pauera eraman dituzte, Mediabask-en arabera, Pariseko «terrorismoaren aurkako» Fiskaltzak agindu ditu atxiloketak.

Poliziaren arabera, 2013ko azaroan «EH ez da salgai!» margoketa zeukan Itsasuko bigarren etxebizitza baten erreketarekin daude lotuta atxiloketok.

Atxiloketen aurkako protesta

Gaurko operazioa salatzeko elgarretaratzeak deitu ditu Lurra eta Etxebizitza kolektiboak. Baionako Herriko Etxean 170 pertsona elkartu dira. Itsasukoan eta Arrosako zubian ere bildu dira. Sarean babesa adierazi diete atxilotuei Autonomia Eraiki eta Aitzina gazte antolakundeak, besteak beste, eta Leioako EHUren kanpusean kontzentrazioa egin dute atxiloketak salatzeko eguerdian.

Aitzina eta EH Bairen salaketa

Aitzinak eta EH Baik «irmoki» salatu dituzte atxiloketak eta operazioak «kutsu politiko nabarmena» duela adierazi dute, «gazteria abertzalea kriminalizatzeko asmo argia adierazten baitu».

«Euskal Herriko egoera politikoa konponbide prozesuaren garatzeko ahaleginek ezaugarritzen dutelarik, halako eraso errepresiboek eta muntaia polizialek gaurko egoeran ez dute tokirik», azaldu dute.