NAIZ
BILBO

Berasaluze II eta Zubieta finalerdietarako sailkatuta

Pablo Berasaluze (gaur Elezkanok ordezkatuta) eta Aitor Zubieta dira finalerdietarako txartela matematikoki lortzen duten lehen bikotea, Oinatz Bengoetxea eta Untoriari 22-19 irabazi ostean. Erakustaldia eman du Elezkanok.

Bengoetxeak ezn izan du seigarren puntua eskuratu. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Bengoetxeak ezn izan du seigarren puntua eskuratu. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Elezkanok, min hartutako Pablo Berasaluzeren tokian, eta Aitor Zubietak 22-19 irabazi diete Bengoetxea VI eta Untoriari (Aretxabaletaren lekuan) eta matematikoki lortu dute finalerdietarako txartela. Lider dira bizkaitar eta nafarra, jokatu diren 11 jardunaldietatik bederatzi irabazi eta gero.

Hasiera-hasieratik izan dira nagusi Elezkano II eta Aitor Zubieta, eta horrela hasi dira. Hala ere, seinako berdinketa eta gero, gaur gorriz plazaratu diren Bengoetxea eta Untoria aurreratu dira (8-6 eta 9-7). Baina une horretan hasi da Elezkanoren erakustaldia.

Honela 11 tanto segidan egin dituzte urdinek. Elezkanok egindako tanto boladari, Oinatz Bengoetxearen pare bat akats gehitu zaizkio. 9-18koarekin partida amaituta zegoela zirudien, baina orduan esnatu da Leitzako aurrelaria. Hala ere, ordurako 13-21 oihukatzen zuen markagailuak.

Sei tanto egin dituzte erreskadan gorriek eta apostua egina zutenak urduritu, bide batez. Baina hor bukatu da tanto-ilara.

Modu honetan, Bersaluze eta Zubietak bederetzigarren puntua eskuratu dute, eta finalerdietarako txartela, aldi berean. Bengoetxea eta Aretxabaletak, aldiz, aukerak gutxitu egiten zaizkiela ikusi dute, eta geratzen diren hiru jardunaldietan irabazi egin beharko lukete txapelketan bizirik jarraitzeko.