NAIZ
DONOSTIA

5.000 pertsona bildu dira Donostian «euskararen aurkako erasoak» salatzeko

Euskararen aurkako erasoak salatzeko deitutako mobilizazioari egin dute Donostian. Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok adierazi duenez, erasoen gainetik lanean jarraituko dute. «Oztopoak gaindituko ditugu, orain arte egin dugun moduan». NAIZ eta GARAk egindako zenbaketaren arabera, 5.000 pertsona bildu dira.

Donostian Kontseiluak deitutako manifestaldia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Donostian Kontseiluak deitutako manifestaldia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Kontseiluak «euskararen aurkako erasoak salatzeko» deitutako manifestaldia egin dute Donostian. Euskalgintzako ordezkariak buruan zirela, ‘Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara’ lemapean ekin diote ibilbideari. NAIZ eta GARAk bertaratutakoen zenbaketa egin du, eta 5000 pertsona izan dira.

Modu honetan espainiar zein nafar Gobernuek euskararekiko duten jarrera salatu nahi izan dute. Hasi aurretik, Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok, oztopo hauei egin die aipu. «Oztopoak gaindituko ditugu, orain arte egin dugun moduan». Zentzu honetan, mobilizazioaren amaieran, «euskaldunak zokoratu» egin nahi dituztela azpimarratu du. Era berean, Nafarroan euskarak duen egoerari keinu egin dio, norbaitek «aldaketaz» hitz egin nahi baldin badu, «hizkuntz politikan aldaketak» bultzatu behar dituela defendatuz.

Hauen atzetik hiritar ugari bildu da euripean, eta «euskaraz biziko gara» oihuak errepikatu dituzte behin eta berriro. Aterkipean euren burua babestuz, euskal hizkuntza babestu nahi izan dute herritarrek.

Manifestazioaren amaieran ekitaldia burutu dute, eta Oñatiko alkate den Mikel Blainek hartu du hitza: «Euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte», adierazi du.