@arianekamio
Donostia

Kontseiluaren aferan jarrera «penagarria» izatea egotzi dio Lakuak hiriburuko alkateari

Kontseiluari Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera esleitzea «inposaketa» dela iritzi dio Joxean Muñoz Lakuako Kultura kontseilariordeak eta «iritzi aniztasuna» kontutan ez hartzea leporatu dio Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreri. «Jar dadila behingoz proiektuaren zerbitzura eta utz diezaiola proiektua bere beharren arabera erabiltzeari», ohartarazi du.

Joxean Muñoz, Lakuako Kultura kontseilariordea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Joxean Muñoz, Lakuako Kultura kontseilariordea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gogor agertu da Joxean Muñoz prentsaren aurrean Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre Donostia 2016 egitasmoarekin duen jardunaren inguruan. Lakuak hedabideak deitu ditu gaur goizean Kontseiluari Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera esleitzearen harira. Kultura Ministerioak salaketa jarri zuen esleipenean gorabehera juridikoak zeudela iritzita eta Gasteizko Gobernuak bere jarrera publikoki agertu du gaur afera horren inguruan. Prozedimentuan eta edukietan biltzen dira desadostasun nagusienak.

«Inposaketa» da Muñozen aburuz Izagirrek gai horrekin egin duena, eta proiektua aurrera ateratzeko bere gehiengoa baliatu izana egotzi dio, fundazioko «iritzi aniztasuna» alde batera utzita. «Zergatik egin behar du goi bilera hori Kontseiluak eta ez beste erakunde batek? Zergatik ez unibertsitateek, Eusko Ikaskuntzak edo Elhuyarrek?», galdetu du. Elkarlanerako formula hori «dagoeneko finkatuta» dagoela azpimarratu du Muñozek eta bide berbera jarraitu ez izana tamaldu du.

Bere aburuz, ezinbestekoa da instituzioen parte hartzea halako egitasmo bat aurrera atera nahi bada, «instituzioen laguntzarik gabe nekez egiten dute aurrera proiektu kulturalek». Eta, are gehiago, «minduta» agertu da Lakuak esku artean dituen hizkuntza politikak kontutan hartu ez direlako. «Elkarrekin eskua emanda joan beharrean, elkarri bizkar emanda goaz», gaineratu du.

Adierazi duenez, gizarte eragile eta instituzioen arteko elkarlanik gabe «oso zaila» da horrelako proiektuen bideragarritasuna.

Halaber, euskara «patrimonializatzen» saiatzea leporatu dio Izagirreri. «Guztion artean egin behar dugu aurrera;  esklusibitatea kaltegarria da».

«Penagarria» da bere hitzetan Izagirrek afera honetan izan duen jarrera eta Donostia 2016k oinarrian dituen printzipioetako batzuk, aniztasuna eta elkarbizitza, kasu, kontutan ez hartzea leporatu dio.

«Eusko Jaurlaritzak babes osoa adierazten dio Donostia 2016 egitasmoari, baina eremu honetan gauzak oso gaizki egiten ari dira», esan du.