@iraiaoiarzabal
Donostia

Sindikalgintza eraberritzeko jardunaldien azken saioa egin du Donostian Ipar Hegoa fundazioak

Ipar Hegoa fundazioak antolatutako (Bir)pentsatzen jardunaldien azken saioa ospatu dute gaur Donostiako Sikologia fakultatean. Sindikalgintzari, eta zehazki, LABek 2017rako helburu gisa duen eraberritze prozesuari begirako hausnarketa egitea izan dute helburu, hurrengo urteetan landu beharreko bideak markatuz.

Lantalde ezberdinetan banatuta, sindikalgintzak aurrean dituen erronka nagusien azterketa bat eginez hasi dira jardunaldia. Horrela, gazteriak, sektore feminizatuek, pentsiodunek, langabeek, autonomoek eta kooperatibistek sindikalgintza eredu berri baten eraikuntzan jokatu dezaketen papera landu dute. Halaber, sindikalgintzak sektore horiei guztiei egin beharreko ekarpena zein den aztertu dute, elkar elikatze prozesu bat garatze aldera.

Landutako ideien artean, gazteak eta emakumeak agenda sindikalean kokatzeko beharra edota langabezia datu larrien aurrean planifikazio ekonomikoan egin beharreko lanketa birpentsatzea nabarmendu dira. Pentsio publikoen krisiaren ideia desmitifikatu beharra aldarrikatu du Miren Etxezarreta ekonomilariak, nazioarteko finantza kapitalarentzeko maniobra oso garrantzitsua dela azpimarratuz. Sindikalgintzaren zereginetako bat, pentsiodunen eta pentsio publikoen alde lan egitea dela gaineratu du.

Gaurko saioarekin, (Bir)pentsatzen jardunaldiak amaitutzat eman ditu Ipar Hegoa fundazioak. Bertan ateratako ondorio nagusiak 2017rako LABek gauzatu nahi duen eraberritze prozesurako baliabide izango dira. Ziklo honekin batera, sindikalgintzari buruzko eztabaida gunea ireki du Naiz-ek aditu ezberdinen parte hartzearekin.