NAIZ
SEVILLA

Susana Diazek ez du lortu Andaluziako Parlamentuaren babesa aurreneko bozketan

Andaluziako Parlamentuak ez dio lehen bozketan babesik eman PSOEko hautagai den Susana Diazen inbestidurari.

Susana Diaz, artxiboko irudi batean. (Cristina QUICLER/AFP PHOTO)
Susana Diaz, artxiboko irudi batean. (Cristina QUICLER/AFP PHOTO)

Aurreikusten zen moduan, bere alderdiko 47 kideen babesa baino ez du lortu Susana Diazek. Aldiz, PP, Podemos, Ciudadanos eta Izquierda Unidako 62 botoak izan ditu aurka.

Hortaz, ez du lortu inbestidurako lehen bozketan presidente izendatua izateko legeak eskatzen duen gehiengo absolutua.

Bigarren botazioa ostiralean egongo da, eta inbestidurarako gehiengo sinplea behar du Diazek.

Alderdiek beren botoak eman aurretik, PSOEko Susana Diazek azpimarratu du eztabaida «argigarria» izan dela bai diputatuentzat bai andaluziar guztientzat. Dei egin die gainerako alderdiei «taktizismoak» alde batera utzi eta «behintzat» gobernatzen utz diezaioten.