@arianekamio
Donostia

Zentzumenetatik adimenerako bidea trazatu du Koldo Izagirrek

‘Lorea Gernika. Andrazko bat’ kaleratu berri du Koldo Izagirrek, "andrazko izendapena esangura femeninoz, positiboz, betetzeko ibilbidea".

Koldo Izagirre. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Koldo Izagirre. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Lorea Gernika du protagonista Koldo Izagirreren azken lanak, mundua zentzumenen bitartez ulertzera kondenatu duen emakumea. "Horrelaxe sailkatzen zuten XIX. eta XX. mendean ere gizonezkoek emakumeen literatura. Zentzumenen literatura, histeriazko liteartura, garuna gizonezkoen jabego pribatua zelako. Hortxe kokatu dut protagonista, mundua ulertzeko arazoekin, hunkiberatasunean, alegia, gizonezkook emakumea definitu izan dugun topikoan", azaldu du autoreak gaurko aurkezpenean.

53 fikziotan osatutako alea da Susarekin argitaratu berri duena, «perla» laburrez osatutako lana. «Andrazko izendapena esangura femeninoz, alegia, esangura positiboz betetzeko ibilbidea. Emakumezkotasunaren topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau", aipatu du.

"Protagonistak zentumenez hartzen du mundua, ez adimenez, horregatik nahi du pentsatzen ikasi eta entzuten duen hizkeran urtzen du kasik ohartu gabe bere burua", nabarmendu du. Giznezkoen mundua azaltzeko bitartekari bezala ere ikusten du bere protagonista: "Agian, oharkabean, gizonezkoon erretratu patetiko samarra egin dut nobela honetan, edo dena delako honetan. Eta merezia daukagula ez nezake uka".