Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Usandizaga gogoan izango du 76. Musika Hamabostaldiak

Donostiako Musika Hamabostaldiak Jose Maria Usandizaga konposatzaile donostiarraren ‘Mendy mendiyan’ operetaren partitura errekuperatu eta obra kontzertu bertsioan eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak. Guztira, hamabost emanalditan egongo da presente konpositore donostiarra.

Musika Hamabostaldiaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Musika Hamabostaldiaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Usandizagaren heriotzatik ehun urte bete diren honetan, Donostiako Musika Hamabostaldiak konpositore donostiarraren ‘Mendy mendiyan’ euskarazko operetaren partiturak errekuperatu ditu eta obra kontzertu bertsioan eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak. Guztira, hamabost emanalditan egongo da presente musikagile donostiarra.

Horrez gainera, Mahler Chamber Orchestra, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa, Cadaqueseko Orkestra, Osloko Filarmonikoa eta Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa izango dira Kursaaleko emanaldietan parte hartuko duten talde handietako batzuk eta, aurten, Pucciniren ‘Tosca’ izango da taularatuko den opera. Berrogeita hamar urte igaro dira Donostian opera hau azkeneko aldiz taularatu zenetik eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da obra interpretatzearen arduraduna, Ainhoa Arteta, Teodor Ilincai, Roberto Frontali eta David Lagaresekin batera.

Victoria Eugeniako saioetan Jose Bros tenorea, Grigory Sokolov pianista eta ‘Stradivarias’ emanaldi berezia izango dira, eta dantzak ere izango du lekurik Hamabostaldian, Sara Baras ‘Voces’ bere azken muntaiarekin izango baita Donostian.

Orotara 70 emanaldi eskainiko ditu aurten Hamabostaldiak eta, Donostiaz gainera, Gipuzkoako beste hainbat herritan, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere izango da emanaldirik.

Nabarmentzekoa da abuztuaren 1ean hasi eta 30ean amaituko den 76. Musika Hamabostaldiko abonuen 100% berritu direla. Sarrera orokorren salmenta ekainaren 5ean abiatuko da, www.quincenamusical.eus gunean eta Kursaaleko zein Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.