NAIZ
BILBO

Iraitz Salegi eta Ernaiko zazpi kideen aurkako epaiketa, publikorik eta prentsarik gabe

Auzitegi Nazional espainolean berriro ekin diote Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetariaren eta Ernai gazte antolakundeko zazpi kideren aurkako epaiketari, maiatzaren 28an bertan behera gelditu zena. Publikoari ez diote aretora sartzeko baimenik eman, eta prentsa aretotik jarraitzeko aukerarik ere ez dago.

Gazte auziperatuak, Auzitegi Nazionalaren atarian. (@Topatuinfo)
Gazte auziperatuak, Auzitegi Nazionalaren atarian. (@Topatuinfo)

Auzipetuen gertukoek jakinarazi dutenez, epaileak ez dio publikoari baimenik eman aretora sartzeko. Epaiketa prentsa aretotik jarraitzeko aukerarik ere ez dela izan salatu dute, gainera.

Iragan maiatzaren 28an abiatu zen epaiketa, baina auziperatuek protesta egin ondoren bertan behera utzi zuen Angela Murillo epaileak. Atxiloketa, epaiketa eta espetxeratze politikoak salatzeko, altxatu eta, epaimahaiari bizkarra emanez herri harresia irudikatu zuten.

Ernaiko zazpi kideei, 2013an gazte antolakundearen jaiotza izan zen Gazte Danbadan egindako ekitaldi politiko batengatik «terrorismoa goratzea» leporatzen diete. Salegiri, era berean, ekitaldi honen inguruan informatzeagatik egin beharko dio aurre Angela Murillo epaileak gidatzen ari den epaiketari.

Gauzak honela, Salegi eta Ernaiko kide batentzat 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute, eta 24 hilabeteko gazte antolakundeko gainontzeko sei lagunentzako.

Gazte Danbada ospatzen ari zen egunean bertan Xabier Lopez Peña preso politikoa zendu zen espetxean.