NAIZ

Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa zendu da

Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa zendu da 85 urte zituela. Apaiz ohia, langile borrokan murgildua eta abertzale engaiatua azken unera arte.

Periko Solabarria saluda a una muejr durante el homenaje. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)
Periko Solabarria saluda a una muejr durante el homenaje. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Periko Solabarria zendu da. Ezker abertzaleko militante historikoa, apaiz ohia eta langile borrokan ibilbide luzekoa. Espetxea ere ezagutu zuen frankismoan zehar.

Portugaleten jaio zen 1930eko urtarrilaren 27an. Aita meatzaria zuen, eta, ama, neskamea. Abadetu ostean, Triano izan zuen lehen bizileku. Ondoren, Barakaldon, sotana kendu eta apaiz langile bilakatu zen. Kartzela behin baino gehiagotan zapaldu zuen, alfonbra gorriak baino lokatza zapaltzea nahiago zuen eraikuntzako peoi eta diputatu ohiak.

LAB sindikatuan sartu zen 1975 urtean eta espainiar Estatuko diputatu ere izan zen 1979-82 tartean, Herri Batasunaren zerrendetan aurkeztuta. Garai hartan ere, 1980an zehazki, legebiltzarkide aukeratu zuten Gasteizko Parlamentuan.

2013an Ernai Gazte Antolakundearen jaiotza ekitaldian parte hartzeagatik ere inputatu zuten, «terrorismoa goratzea» egotzita. Orduko hartan, «Periko beti gazte» leloak are eta indar gehiago hartu zuen. Hala ere, epaiketa hasi aurretik, epaiketatik kanpo utzi zuten.

Omenaldia igandean Barakaldon

Periko Solabarriari igandean egingo diote omenaldia Barakaldoko herriko plazan, 12.30ean. Gorpua Kareaga beilatokian egongo da, ostiral arratsaldeko 18.00ak arte.