NAIZ
DONOSTIA

Antxoaren biomasa 142.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan, 1987tik datu onena

Bioman 2015 kanpainako emaitzek berretsi dute Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa 1987tik, hau da, txosten zientifiko horiek egiten hasi zirenetik, «bere momentu onenean» dagoela, behin behineko indizea 142.000 tonakoa izanik.

Donostian egin dute antxoaren biomasari buruzko datuak aurkezteko agerraldia. (IREKIA)
Donostian egin dute antxoaren biomasari buruzko datuak aurkezteko agerraldia. (IREKIA)

Bioman kanpainek neurtzen dute zenbateko antxoa populazioa dagoen udaberriaren bukaeran eta aurtengo emaitza positiboek «espeziaren berreskurapen garrantzitsua egiaztatu dute».

Hala adierazi dute, Donostian eskainitako prentsaurrekoan, Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuordea, Rogelio Pozo Azti institutuko zuzendariak eta Eugenio Elduayen eta Iñaki Zabaleta Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen kofradietako presidenteek, hurrenez hurren.

Aztik egin du azterketa, Arrantza Tokietako Laginketei buruzko Europako Araudiaren barruan, eta Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Europako Batzordeak eskatuta. Bestalde, Itsas Idazkaritza Nagusiak kanpainan erabilitako Emma Bardan ontzi ozeanografikoetako bat utzi du.

Horrela, aurtengo udaberriko kalkuluak «aise» gainditzen ditu 2014ko datuak (89.000 tona), eta egiazta dezake biomasaren azken kalkulua handiagoa izango dela mugako biomasa baino (21.000 tona). Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (CIEM/ICES) zehaztuko du stockaren azken kalkulua.

Aztiko zientzialariak foro horretan parte hartuko dute, eta haien ekarpenak kontuan hartuko dira Europako Batasunak 2016ko denboraldirako zehazten duen harrapaketa onargarrien totalean.

Orozek esan du antxoa dela euskal arrantzaleen ekonomiaren «ardatzetako bat» eta «interes komertzial handiena» duten espezieen artean dagoela. Horrela, jakinarazi duenez, maiatzaren 31ra bitartean, euskal ontziek 12.107 antxoa tona lehorreratu dituzte, eta lonjako batez besteko prezioa 0,40 euro/kilotik 13,37 euro/kilora bitartekoa izan da; salmenta balio totala, berriz, 20,5 milioi euro izan da.

Enplegua

Arrantza jarduera horri lotutako enpleguari dagokionez, Lakuako sailburuordeak azaldu du 131 arrantza ontzik lehorreratzen dutela antxoa euskal lonjetan, eta ontzi horietatik 50ek EAEn dutela basea. «Beraz, ontzietako bertako 1.960 enplegu daude, eta haietatik 750 basea Euskadin duten ontzietakoak dira», gaineratu du.

Halaber, antxoaren arrantza jarduera «itsasoko lanetik harago» doala nabarmendu du Orozek. Horrela, kontserba eta elikagai industriaren rola azpimarratu du, zeinak EAEn 1.550 bat enplegu izatea ekarri baitu. Halaber, EAEko portuetan lan egiten duten 60 saregileen lana goraipatu du. «Haien lana ezinbestekoa da arrantza jarduerak funtzionatzeko eta hura antolatzeko», azpimarratu du.