NAIZ
BILBO

Uztailak 3.613 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Ekaineko datuekin alderatuta, 3.613 langabe gutxiago zeuden uztailaren bukaeran Hego Euskal Herrian. Guztira, 196.203 pertsona daude Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda.

Emakume bat, Lanbideren bulego batean sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Emakume bat, Lanbideren bulego batean sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak jakinarazi duenez, uztailean behera egin zuen langabezia tasak Hego Euskal Herrian. Zehazki, aurreko hilabetean baino 3.613 pertsona gutxiago zeuden uztailaren amaieran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Datuok herrialdeka aztertuta, Araban izan da jaitsierarik nabarmenena, %2,46 hain zuzen. Uztailaren amaieran, langabezia erregistratua 25.148 pertsonakoa zen herrialde honetan, aurreko hilabetean baino 634 lagun gutxiago, hain zuzen.

Gipuzkoan, 903 langabe gutxiago zeuden epe berean, %2,09 gutxiago, hain zuzen. Herrialde honetan 42.247 pertsona ari dira lan bila.

Bizkaian, 1.495 pertsona atera ziren langabeen zerrendatik uztailean, hau da, %1,70 jaitsi zen tasa. Enplegu bulegoetan izena emanda 86.478 lagun daude herrialde honetan.

Jaitsierarik apalena Nafarroan izan da, %1,35 jaitsi baita langabezia tasa. Hau da, 581 pertsonek aurkitu zuten lana uztailean herrialde honetan, eta oraindik 42.330 pertsona daude enplegu bulegoetan izena emanda.

Iazko datuekin alderatuta, nabarmenagoa izan da jaitsiera herrialde guztietan: Nafarroan, %9,45; Gipuzkoan, %8,35; Bizkaian, %8,01 eta Araban, %7,84. 

Egindako kontratuen ia %94 aldi baterakoak dira.

Estatu espainolean, seigarren hilabetez jarraian egin du behera langabezia erregistratuaren tasak, 74.028 langabe gutxiago zenbatu baitira. Hala ere, 4.046.276 pertsona daude oraindik Estatuko enplegu bulegoetan izena emanda.