NAIZ
DONOSTIA

Elías Querejetaren figura eta obrari buruzko erakusketa San Telmo museoan

San Telmo museoak Elías Querejetaren figura eta obrari buruzko ‘Elías, vida mía. Zinemari eskainitako bizitzaren argazkiak’ erakusketa aurkeztu du, zuri-beltzean dauden 80 irudik osatzen dutena. Erakusketa abuztuaren 26tik azaroaren 8ra egongo da ikusgai. Sarrera doan da.

José Luis Rebordinos, Miren Azkarate, Susana Soto eta Pedro Usabiaga gaurko prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
José Luis Rebordinos, Miren Azkarate, Susana Soto eta Pedro Usabiaga gaurko prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Elías Querejeta ekoizlearen figuran eta obran oinarritutako ‘Elías, vida mía. Zinemari eskainitako bizitzaren argazkiak’ erakusketa aurkeztu du San Telmo museoak. Zuri-beltzean dauden 80 irudiek «bere filmografiaren, ibilbidearen eta bizitza pribatuaren pasarte garrantzitsuenak errepasatzen dituzte». Ikusgai egongo diren argazki gehienak ezezagunak dira.

Lau bloketan banatua dagoen ibilbideak 60ko hamarkadan du hasiera eta gaur egunera arte luzatzen da. Lehenengo bi ataletan bere filmak bildu dira, bi alditan sailkatuak: frankismoaren urteak (1963-1977) eta zinema demokrazian (1977tik gaur egun arte).

Gainontzeko bi atalek arlo pertsonala dute oinarri: hirugarren zatian ekoizleak Donostiako Zinemaldian izan zuen presentzia aztertzen da eta amaitzeko, Elíasen bizitza pribatuaren pasarte batzuk daude ikusgai.

Aurkezpenean izan dira Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotzia, Susana Soto San Telmo Museoaren zuzendaria, Pedro Usabiaga erakusketako komisarioa, eta Donostiako Zinemaldiko zuzendaria den José Luis Rebordinos, eta Querejetaren alaba Gracia Querejeta, besteak beste.

Pedro Usabiaga argazkilariak adierazi du «ezinezkoa zela» 60ko eta 90eko hamarkada bitarteko espainiar zinema kontatzea Elías Querejetaren figura kontuan hartu gabe. 

Usabiagak berak protagonistari buruzko testu bat prestatu du, erakusketan irakurgai egongo dena: «Elías Querejeta ekoizlearen obraz hitz egitea, akaso, ez zaizu beharrezkoa irudituko, bere bizitzaz ia guztia esan baita. Zinema espainiar berriaren benetako egilearekin egiten dugu topo, ordea. (...) Ezbairik gabe, EKOIZLEA da, hizki larriz. Eta, inoiz baino beharrezkoagoa da egun bere obra aldarrikatzea, frankismoaren amaieran gaueko iluntasunean itsasargi, eta adierazpen askatasunaren adierazle garrantzitsuena izanagatik».