Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ataramiñek aurkeztu du 2015eko uzta, 19 sortzaileren lanekin

Emakumeen ahotsa inoiz baino ozenago dator ‘Ataramiñe'15’-en, preso dauzkaten euskal herritarrek osatutako literatur koadernoan. Gaur aurkeztu dute urteroko alea, baita Mikel Orbegozoren ‘Ilargiraino!’ komiki-liburu berria eta Joseba Arregiren margo eta idazlanek osatzen duten ‘Burdin elorri arantzetan… denbora jorratzen’ argitalpena ere.

‘Ataramiñe 15’en aurkezpenean izan dira Nekane Basauri, Mitxel Sarasketa, Oier Gonzalez eta Marian Etxarri. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Ataramiñe 15’en aurkezpenean izan dira Nekane Basauri, Mitxel Sarasketa, Oier Gonzalez eta Marian Etxarri. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Sorkuntza lau hormaren arteko ihesbide paregabea dela esanez aurkeztu dute ‘Ataramiñe'15’, euskal preso politikoen lanak biltzen dituen urtekaria. Aurtengo aleak 19 sortzaileren margolanak, poesiak, idatziak eta kronikak biltzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez, eta elkarteko kide Oier Gonzalezek azaldu duenez, aurten emakumeen ahotsa inoiz baino indartsuago dator: «Espetxea egitura maskulinoa da, patriarkala, eta ale honetan emakumeen ahotsa ageri da, baita emakumeen erotika ere». Hitzaurrea Ekhiñe Izagirrek egin duela nabarmendu du eta, Itziar Plazarekin batera, olerkiak eta marrazkiak uztartuz burutu duten atala ere aipatu du. Baita Itziar Morenoren iruditegia ere.

Koaderno literarioaz gainera, beste bi argitalpen ere aurkeztu dituzte: Joseba Arregiren ‘Burdin elorri arantzetan… denbora jorratzen’ eta Mikel Orbegozoren ‘Ilargiraino!’. Lehena Nekane Basauri, Arregiren bikotekideak aurkeztu du. Azaldu duenez, azken urteetan euskal politikan eman diren aldaketak «itxaropenez» bizi izan dituzte eta, hala, kondenaren murrizketan pentsatuz Arregik azken urteetan egindako margolanen bilduma osatzea erabaki zuten. Arregik espetxean 23 urte daramatzala eta mundu digitala arrotza zaiola azaldu eta bilduma ikusi zuenean «txundituta» geratu zela nabarmendu du: «Hurrengo bisitara kolkoan 30 paper zituela atera zitzaidan, margolan bakoitzari idatzi bat egin ziola esanez», oroitu du, barrez. Material hura landuta, Arregik munduaz duen ikuskera ematen du argitalpenean. Aurretik, ‘Kartzelako leihotik’ argitaratu zuen, hura ere ildo beretik eta Ataramiñerekin.

‘Ilargiraino!’ ere ez da Mikel Orbegozoren lehen lana. Aurretik, ‘Preso nago’ eta ‘Preso nago 2’ komiki liburuak argitaratuak ditu eta, ilustrazio lan berrian, murruen barrualdera beharrean kanpoaldera begira jarri da. Marian Etxarri, Mikelen ama, izan da liburuaren nondik-norakoak azaldu dituena: «Beti presoei buruz idatzi du, eta orain bisitan goazenei buruz. Errespetua ematen zion lan honek eta maiz ordubiak arte egon da esna, lanean. Gu oso erreflejatuak ikusten gara lan honetan», ziurtatu du.

Bere aldetik, elkarteko kide Mitxel Sarasketak lan guzti hauek duten balioa goraipatu du: «Guk hartzen dugun ideia da presoak bizirik daudela, eta lanotan sekulako adorea eta kemena adierazten dute. Pentsatu behar dugu kartzelatik daukaten bizitza ikuspegia erakusten digutela», esan du. Lanok ohiko liburu-denda sarean, Durangoko Azokan eta euren webgunean, www.literaturakoadernoak.org, eskura daitezke.