NAIZ
BILBO

Elkarretaratze isila Bilbon, biolentzia matxistaren aurka

Iragan asteburuan bere etxean hilik agertu zen emakumearen heriotza salatzeko elkarretaratze isila egin dute Bilbon. Gainera, Udalak aurreratu du akusazio partikular bezala aurkeztuko dela kasuan. Hilketarekin lotuta, atxilotuta jarraitzen du gizon batek.

Biolentzia matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute Bilbon. (@ehbildubilbo)
Biolentzia matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute Bilbon. (@ehbildubilbo)

Instituzioetako ordezkari eta herritarrak Bilboko Udalaren aurrean bildu dira, iragan asteburuan bere etxean hilik agertu zen emakumearen heriotza salatzeko. Isilik egin dute protesta, eta Juan Maria Aburto Bizkaiko hiriburuko alkateak aurreratu du Udala akusazio partikular bezala aurkeztuko dela.

Bilboko Udaleko ordezkariez gain, elkarretaratzean izan dira Lakuako Gobernuaren bozeramaile den Josu Erkoreka eta Emakundeko zuzendari den Izaskun Landaida, besteak beste. Txalo zaparrada batekin eman diote amaiera elkarretaratzeari.

Akusazio partikular gisa aurkezteaz gain, hildako emakumearen familiarentzat behar duen guztia emateko prest dagoela adierazi du Aburtok: «Erailketa hau ez zaigu arrotz egiten eta gu ere minduak sentitzen gara, udal eta gizarte bezala».

Gaineratu du jarrera honekin Udalak herritarren gehiengoaren interesak babestu nahi dituela, indarkeria matxistaren aurrean. Hori hala, lanean jarraitzeko deia luzatu die gainerako instituzioei.

Bestalde, atxilotuta jarraitzen du ustez hilketarekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten 49 urteko gizonak.