NAIZ
HERNANI

Hurrengo legegintzaldian EAErako Hezkuntza Lege berria onartzeko beharra azpimarratu du Ikastolen Elkarteak

‘Berritzen, hobetzeko’ lelopean ikasturte hasierako ekitaldia ospatu du Ikastolen Elkarteak eta bertan Koldo Tellituk EAErako Hezkuntza Lege berriaren beharra azpimarratu du. Hurrengo legegintzaldian lortu ezean «porrot itzela» izango litzatekeela adierazi du. Nafarroan eman diren aurrera pausoak ere azpimarratu ditu eta IparEuskal Herrian lortu den ikasle hazkundea.

Jose Luis Sukia Imanol Igeregiren lekukoa hartzen. (Gorka RUBIO | ARGAKZI PRESS)
Jose Luis Sukia Imanol Igeregiren lekukoa hartzen. (Gorka RUBIO | ARGAKZI PRESS)

EAEko Hauteskunde bezperan abiatu du Ikastolen Elkarteak ikasturtea Hernanin egin duen ekitaldian eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria aldarrikatu du Koldo Telitu elkarteko lehendakariak. «Emaitzak gorabehera, Hezkuntza Legearen legegintzaldia izango da» Tellituren arabera bihartik aurrera abiatuko dena, alderdi guztiek horretarako asmoa agertu dutela gogoratu ostean legegintzaldia hasi orduko «kronograma bat» ezartzeko beharra azpimarratu du eta lege berririk lortu ezean «porrot itzela» izango litzatekeela esan du. 

Pasa den legegintzalditik datorren ezina da lege honen falta, Heziberriren hirugarren fasean zetorrelako eta ez delako bete. Programa horretaz alde positiboan kokatu du Hezkuntza Markoa, negatiboan ordea curriculum dekretuak, Lomce legeari aurre egiteko «aukera galdu delakoan». 

Ikasturte hasierako ekitaldian izan dira, besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Imanol Lasa diputatua eta Luis Intxauspe Hernaniko alkatea. 

Nafarroari begira gobernu aldaketarekin emandako urratsak nabarmendu ditu Tellituk, ikastolen ikas materialei ezarritako debekua altxa izana eta «eremu ez euskaldun» gisa definitutakoan jangeletan eta garraioaren finantzaketan emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu. D ereduaren zabalpenean pausoak «adostuak» izateko deia egin du Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta «era orekatuan emateko». 

Ipar Euskal Herriari dagokionez Seaskak izandako hazkundea azpimarratu du gaur elkarteak, 2009ko 2.200 haurretatik egungo 3.500era pasa baitira. 

‘Berritzen, hobetzeko’ lelopean abiatu du ikasturtea Ikastolen Elkarteak, Tellituk berrikuntza pedagogikoak azpimarratu nahi izan ditu, «euskara, euskal curriculuma eta konpetentziak oinarri hartuta, hezkuntza paradigma berri batera egin dugu jauzi».  Ikastolen aitzindaritza ere azpimarratu du, «lehenak gara konpetentzietan oinarritutako eredua ikasteko eta irakasteko materialetara eramaten».

Artekaritza eta Zuzendaritza taldeetan berrikuntzekin dator elkartea, lehenaren kasuan lehendakariordea Nekane Artola izango da aurrerantzean, Arantza Manterolaren lekuan. Zuzendari nagusi berria Jose Luis Sukia izango da Imanol Igeregin ordez.